Otsailaren 8tik 16ra egingo da Emakumeak Zientzian ekimenaren 8. edizioa Bizkaian, Gipuzkoan eta, aurten estreinakoz, Araban. Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna otsailaren 11n ospatzen da, eta egun horren bueltan antolatzen da ekimena, zientzia nesken kontua ere badela gogorarazteko eta zabaltzeko. 32 euskal erakundek antolatu dute aurtengo edizioa eta, astebetez, 60 ekintza baino gehiago eskainiko dituzte hiru lurraldeetan. Jarduerak adin guztietarako izango dira: bisitak ikerketa zentroetara, tailerrak, mahai-inguruak... Urtero, helburu nagusi bat izaten du ekimenak, eta oraingoan zientzialarien bizimoduan ipini dute arreta. Hala, zientzialari eta teknologoek bizimodu beteko pertsonak izan nahi dutela nabarmenduko dute. Hots, ez direla beti lanean bizi diren eta bizimodu errealari uko egiten dioten pertsonak, baizik eta “beharrak, grinak, konpromisoak eta zaletasunak” dituztenak. Jardueren programa osoa www.emakumeakzientzian.eus atarian dago eskuragarri.