Ikasturte honetan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots Ez gara jaitsiko! ikuskizunarekin dabiltza batetik bestera, zuhaitzez zuhaitz eta adarrez adar. Haien helburua da lurra, basogintza, kultura eta hizkuntza zaintzearen eta babestearen garrantzia erakustea, inguruan horren gaineko kontzientzia sortu eta baso txikiak eratzeko. Ekitaldiaren amaieran, hortaz, hiru pailazoek opari polita ematen diete basogintzan diharduten elkarteei: landatzeko pago txiki bat. Bada, AEKren zenbait euskaltegik ere jaso dute kimu hori: “Iruditzen zaigu Korrikari eta AEKri eskaintzeak ere baduela koherentzia, logika eta zentzua: zuhaitzek eta basoek sustraitzeko lurra behar duten bezala, gure hizkuntzak eta kulturak ere halaxe behar dute; horregatik ematen diegu AEK-ko kideei, Korrika Kulturalean landatzeko eta gure hizkuntza eta kultura sustraitzeko”. Beraz, AEKren izenean, eskerrik asko!