Badago istripuz hiltzen den jendea, inork halakorik gerta daitekeenik espero gabe. Gogorra da. Ingurukoentzat une latzak izaten dira, eta bat-batekotasunak konplikatu egiten du heriotzaren asimilazioa. Beste batzuk luzaroan eutsi eta gero hiltzen dira. Teorian, ingurukook onartu eta digeritu egin ahal izaten dugu heriotza, baina gertatzen denean beti harrapatzen gaitu esperantza izpi baten bila. Bagenekien gertatuko zela, baina gertatu denean kolpea izan da. Ez espero gabeko heriotza baten adinakoa, baina bai oso gogorra. Beti nahi izango genuke egun bat gehiago egon maite dugun horri eskutik helduta.
Hiltzeko era ugari daudela kantatzen zuen Negu Gorriakek eta, seguruenetik, kantatzen zutenek pentsatu zituztenak baino askoz gehiago egongo dira. Kontua da hiltzeko bete behar dugun baldintza nagusia bizirik egotea baino ez dela. Eta hori hala ez balitz bezala bizi gara. Sekula hilko ez bagina bezala bizi gara, baina guztiok hilko gara, eta, Joseba Sarrionandiaren hitzei helduta, nik ere pentsatzen dut heriotza ez dela inoiz ederra izan. Eta esaldi horri neure hitzak gehituko nizkioke: sufrimendua amaitzeko iristen denean ere, ez da ederra izaten. Elementu narrasak, baldarrak, gogorrak eta desatseginak ditu heriotzak. Ez dugu asmatzen nola jokatu, beti ez dugu jakiten hildakoaren azken nahia zein zen, beti ez dugu minez dagoenari esateko hitz egokirik aurkitzen, eta mina kanalizatzea lan neketsua da.
Maite dugun jendearen heriotzak beti uzten gaitu ahoan berbaren bat esan gabe dugula, zaurgarri, minbera eta bizitzaren iheskortasunaz kontziente. Aurten, urtarrilak beste norbait kendu dit, baina otsailak egun bat gehiago dauka. Eta hori ere bizi egin nahiko nuke. Amaierari bizkarra eman badiezaiokegu ere,
bizkarrez ere harrapatuko gaitu. Beraz, ez dezagun ahaztu hil arte bizitzea dagokigula. Hil arte. Bizi.