Sabelalde biguna babesteko, maskor hutsak baliatzen dituzte ermitau karramarroek. Oskol hutsa dute etxe, eta, hazi ahala, oskol handiagoak bilatzen dituzte. Bada, gero eta maskor gutxiago eta plastikozko hondakin gehiago erabiltzen dituzte ermitauek. Botilen plastikozko tapoiak, bonbillen behealdea... halakoak etxe egokitzat jotzen dituzte. Varsoviako eta Poznaneko (Polonia) unibertsitateetako ikertzaile batzuek egiaztatu dute kontua, Interneten ipinitako argazki mordoa aztertu ostean. Zehazki, 386 ermitau zenbatu zituzten halako “etxeekin”; batez ere, plastikozko tapoiekin. Ikertzaileek Science of the Total Environment agerkarian kaleratu dute azterketa, eta, azaldu dutenez, munduko 16 ermitau espezieetatik 10ek erabiltzen dituzte halakoak. Gainera, Lurreko eskualde tropikal guztietan ikusi dute portaera bera. Horiek horrela, plastikozko hondakinen erabilerak ermitauei kalterik egiten dien ikertu nahi dute, baita eboluzioan nola eragiten dien ere. Munduko itsasoetan gero eta plastiko gehiago dagoela kontuan hartuta, etxerik ez zaie faltatuko.