Lehendik ere hainbat ikerketak ondorioztatutakoa berretsi du Norvegiako Zientzia eta Teknologia Unibertsitatean egin eta Frontiers in Psychology aldizkarian argitaratu den ikerketak: teklatuaz idaztearekin alderatuta, eskuz idazteak gehiago estimulatzen du garuna. Ondorioz, memoriari eta ikasteko prozesuari mesede egiten die. Dentsitate handiko elektroentzefalogramen bitartez, 36 unibertsitate ikasleren garun jarduna neurtu zuten, eskuz (boligrafo digitalekin) eta teklatu bidez idazten zuten bitartean. Emaitzek erakutsi zutenez, garuneko konektibitatea handiagoa zen eskuz idazten zutenean. Batez ere, memoriari lotutako eremuetan. “Garun konektibitate hain hedatua giltzarria da memoria osatzeko eta informazio berria kodifikatzeko. Beraz, ikasteko onuragarria da”, azaldu du Audrey van der Meer-ek, ikerketaren egileetako batek. Eskuz idaztean zentzumen gehiago erabiltzen direnez, garunak estimulu gehiago jasotzen du. Hortik dator, beste azterketa eta aditu askok ere nabarmendu izan dutenez, onura.