AZTI zentro teknologikoak koordinatutako Life-ECOFFEED proiektuak osagai berri bat sortu du aziendarentzako pentsuak ekoizteko, kafe hondarrak erabiliz: ingurumena errespetatzen duen osagai seguru, elikagarri eta lehiakorra. Izan ere, Europar Batasunean, batez beste 5 kilo kafe kontsumitzen dira urtean pertsonako, eta hondakinek ingurumen inpaktu handia dute. Aldi berean, abeltzaintzaren sektorea (berotegi efektua eragiten duten gasen igorle nagusietakoa) abereen dietarako osagai iraunkor eta errentagarriagoen bila dabil. Bada, bi erronka horiei erantzuteko, proba pilotu batzuk egin dituzte ardiekin eta behiekin. Esaterako, ardien dietan kafe hondarrak sartuta (% 10-15 arteko proportzioan) emaitza onak lortu dira esnearen ekoizpenean eta kalitatean, baita metano isurien murrizketan ere (% 20 gutxiago). Gainera, osagai berria lehengai tradizionalak baino merkeagoa da. Hil honetan amaituko da Life-ECOFFEED proiektua, eta hari esker ekoitzitako osagai berria 2025ean merkaturatzea espero dute.