Europako Parlamentuak eta Europar Batasuneko Kontseiluak gailuak konpontzeko eskubidea zabaltzeko akordioa lortu dute. Alegia, Europako herritarroi garbigailua, sakelakoa edo hozkailua izorratzen bazaigu, fabrikatzaileak derrigor eskaini beharko digu konponketa. Eskubide honek etxetresna elektrikoen eta bestelako gailu teknologikoen bermean ere eragingo du; izan ere, araudi berriak ezartzen duenez, produktu akastun bat eskuratu badugu edo, akatsen bat agertzen denean, gailua legezko bermearen barruan badago, kontsumitzaileak bermea urtebetez luzatzeko eskubidea izango du, gailua konpontzea erabakitzen badu. Bestalde, fabrikatzaileak nahitaez eskaini beharko du piezak eskuratzeko aukera ere. Halaber, konponketa zerbitzuei buruzko informazioa eman beharko du, baita pieza eta konponketa ohikoenek izango duten prezioari buruzkoa ere.