Azken urtean auzolanean obrak egiten aritu eta gero, apirilean irekiko dute Faktoria, Aiaraldea Ekintzen Faktoria egitasmoak Laudioko industriagunean atondutako esparrua. Kultur egitarau zabala izango dute Faktoriaren estraineko egunek. Lehenik, apirilaren 24an, Anariren bi kontzertu eskaini zituzten. Dena den, irekiera ofiziala maiatzean izango da, eta ekitaldi gehienak orduan egingo dira. Hala, maiatzaren 15ean, Ruper Ordorikak kontzertua eskainiko du. Ondoren, ekainaren erdialdera arte, Kai Nakai, Habi eta Etxekalte, Chill Mafia, Bulego eta Konposten emanaldiak izango dira, besteak beste. 750 metro koadroko espazioa da Faktoria, eta kultur ekintzak nahiz bestelako jardunak hartuko ditu: sorkuntzarako oholtza, ekitaldi txikietarako antzokia, elikagaien ekonomatoa, taberna, sukaldea, haurrentzako jolasgunea... Izan ere, bizitzaren alor guztietan eragitea du xede Aiaraldea Ekintzen Faktoriak, betiere euskara eta balio eraldatzaileak ardatz hartuta. Feminismoa, komunikazioa, elikadura burujabetza, gizarte ekonomia eraldatzailea... ditu ildo nagusi, eta horietan oinarrituriko egitasmoak garatzen ditu; tartean, Aiaraldea.eus agerkaria. Hain zuzen, hedabide horren sorrera izan zen egun Ekintza Faktoria denaren hazia.