Hamar urte bete ditu aurten taldeak, eta sei abesti berriz osatutako diskoa plazaratuz ospatu du. Josu Zabalaren hitzetan, “aukera ezin hobea erlojuaren orratzak gelditu, gure egunerokotasunaren abiadura handia tarte batez ahaztu, eta soinu leun eta iradokitzaileak nagusitzen diren kantuen tempo patxadatsuetan lasai murgiltzeko”. Azpimarratzekoa da hari laukotearen presentzia nabarmentzen dela oraingo lan honetan. Kontzertu bira hasia dute, eta hauek izango dira, besteak beste, hurrengo hitzorduak: Villabonan, maiatzaren 10ean; Beasainen, 31n; Andoainen, ekainaren 8an; eta Lazkaon, ekainaren 21ean. Hasier Oleaga (bateria), Itsaso Etxebeste (baxua), Juantxo Zeberio Etxetxipia (pianoa eta teklatuak), Beñat Barandiaran (gitarra elektrikoa) eta Elene Arandia (ahotsa) dira Tenpora.

486errobi

ERROBI taldeak 50. urteurreneko kontzertua eskainiko du Bilboko Euskalduna Jauregian, maiatzaren 4an. Mixel Ducauk eta Anje Duhaldek, Euskal Herriko rockaren aitzindari izan zirenek, beren ibilbide osoko abesti ezagunenen errepasoa egingo dute bertan, publikoa abesten eta dantzan jarrita. Horretarako, ohikoak dituzten gitarrez eta ahotsez gain, beste hiru taldekide izango dituzte lagun oholtzan: Txomin Duhalde baterian, Rémi Gachis gitarran eta Iñigo Telletxea baxuan.

486lisabo

LORATEGI IZOZTUAN HEZUR HUTS BILAKATU ARTE
Lisäbo
biDEhUTS, 2023

Bost urte igaro dira taldeak Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen kaleratu zuenetik, eta disko hau lan haren jarraipentzat har daiteke. Zazpi abesti dakartza, guztiak Martxel Mariskal poetaren hitzez osatuak. Hitzon berrikuspenean, berriz, Eider Rodriguez idazlea izan dute bidelagun. Talde irundarrak Iñigo Muguruzari eta Jonan Ordorikari eskaini die lan berria.

486eire

ZAURIREN BAT BISTAN
Eire
Balaunka, 2023

Eire Maia eta Eire Salegi txikitatik aritu izan dira elkarrekin musika egiten, eta orain kantu pop elektronikoekin kaleratu dira. Maiak konposatu eta Salegik ekoitzi, elkarlanean sortzen dituzte abestiak. Disko hau sei kantuz osatu dute, sormen askatasunetik, gustuko dituzten generoak eta soinuak joz. Lan honekin, beren burua aurkezteaz gain, geratzeko iritsi diren artistak direla aldarrikatu nahi dute.