Gau eta egun, egun eta gau, hamaika egunez, tipi-tapa, etenik gabe, Euskal Herri osoa euskararen aldeko aldarrikapenez bete du, beste behin ere, Korrikak. Harro, aldarriz eta irriz. Harro, aldarriz, irriz eta argiz. Gaurik beltzenean ere, argia ekartzen du Korrikak, edonon egonik ere. Gaurik ilunena ere argitzen du, irriz eta aldarriz, harro. Hala erakutsi du 23. Korrikak ere: euskararen aurkako oldarraldi betean bizi garen honetan, euskaraz bizitzeko arauen kontrako epaiak bata bestearen atzetik jasotzen ari garen garai ilunotan, argi zurrusta ekarri digu, herri harro baten eskuetatik. Euskara nahi duela ozen dioen herri nekaezin baten eskuetatik. Ozen eta argi. Hamaika egunetako argi eztanda izpi mehe bilaka ez dadin, ez dadila lekukoaren ibilia eten.

Eñaut Mitxelena. Argazkia: Korrika AEK.