Jendartea

legoLego etxearen jostailuetan indarkeriak geroz eta leku gehiago al du?

Canterburyko Unibertsitatean (Zeelanda Berria) egindako ikerketa baten arabera, Lego markako jostailuetan gero eta gehiago ageri da indarkeria.  Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, “denborak aurrera egin ahala, biolentziaren gorakada esponentziala” izan dute Legoren jostailuek. Hau da, gero eta arma gehiago daude jostailu ezagunetan. Hala, ikertzaileen ustez, bizi dugun aro digitalean haurren arreta bereganatu nahi du Legok. 1949an hasi zen enpresa piezaz osaturiko jostailuak ekoizten. Lehen armak, ordea, 1978an kaleratu zituen. Gaztelu bat merkaturatu zuen orduan, eta ezpatak, aizkorak eta lantzak gehitu zizkioten. Orain, ordea, askoz ugariagoak dira orotariko armak. Ikerketak jaso duenez, Legok merkaturatutako jostailuen % 30tan ageri dira armak, eta haien katalogoaren orrialdeen % 40an. Enpresak erantzun dio ikerketari bere jostailuetan denetarik sartzen dutela: eraikuntza, fantasia... Baita gatazka ere, haurren garapenaren parte den neurrian. Hori bai, konpainiaren eledunak esan du, ahal dela, umorea erabiltzen saiatzen direla “gatazka maila apaltzeko”.