Zuzendaria: Thomas Vinterberg. Gidoia: Tobias Lindholm eta Thomas Vinterberg. Aktoreak: Mads Mikkelsen, Thomas Bo Larsen, Magnus Millang, Lars Ranthe. Danimarka, 2020.
Istorioa: Bizimodu hits samarra daramaten lau institutu irakaslek Finn Skårderud psikiatra norvegiarraren teoria bat probatzea erabakiko dute. Haren arabera, gizakiok odolean 0,05eko alkohol defizitarekin jaiotzen gara, eta hori orekatzen dugunean baino ez dugu gure onena ematen.
Sariak: Atzerriko film onenaren Oscar saria irabazi berri du. Ez du hori sari bakarra. Iaz, esaterako, prentsa espezializatuaren Feroz Zinemaldia saria jaso zuen Donostiako Zinemaldian, eta Mads Mikkelsen aktore nagusiak, aktore onenarena (merezita).
Onena: Abiapuntu erakargarriak ongi eraikitako draman murgiltzen gaitu, une komiko eta arinak gogor eta pausatuagoekin harilkatuz, balantzarik eta ikuslea aspertzeko arriskurik gabe. Mikkelsen buruan, lau protagonisten lan apartak zerikusia du horretan. Ardo tantoekin poztuta edota pattar kopan itota, Danimarkako gizartearen gabeziak azaleratzen ditu (eta, finean, zurruta bidaide duten herrialde ororenak, geurea, kasu), bizitza besarkatzeko aldarrikapena egiteaz batera. Onean zein txarrean, alkohola zainetan. Hori bai, nahiz eta zuzendariak ez duen inolako epairik egiten, edanaren apologia ikusiko dute batek baino gehiagok filmean.
Eñaut Mitxelena