Gailu adimendunak

hairEgunotan, hainbat aldiz etorri zait gogora Ilunabar aldea telesail mitikoaren atal bat. Etorkizun ez oso urrunean, gizaki guztiek zuzeneko konexioa dute burmuinetik Wikipedia moduko batera, inplante bati esker. Hasieran dena ondo badoa ere, iristen da une bat non, munduko informazio guztia eskura izatearen irrika horren ondorioz, jendea gaixotu eta txorakeriak egiten hasten den, datu berriak lortzearren: batek azazkalak puskatzen ditu mailu batez, zenbateko indarrari eutsi ahal dion jakin nahian; beste batek bere besoa erretzen du, jasan dezakeen tenperaturarik handiena ezagutzeko…
Ez ote dugun antzera bukatuko! Lehen ere lartxo iruditzen zitzaizkidan zure pisu eta gorputz-masaren jarraipen estua egiten duten balantza ‘adimendunak’ eta loaren kalitatea, ariketa fisikoa eta abar ‘kuantifikatzeko’ eskumuturrekoak. Baina duela egun batzuk aurkeztu duten gailu adimendun berriak jokoz kanpo utzi nau erabat.
Izan ere, balantza eta bestelako gailu adimendunak egiten dituen enpresa batek, eta ilea zaintzeko kosmetikoak egiten dituen beste batek, zer eta orrazi adimendun bat aurkeztu berri dute. Bai, bai, adatsa apaintzeko eskuila horietako bat, bluetooth, wifi eta sentsore mordoaz hornitua.
Hair Coach deitu diote gailuari. Ile entrenatzailea, itzulpen libre samarrean. Dituen sentsoreei esker, orrazteko erritmo eta abiadura, ilearen hezetasun maila, orraztaldi bakoitzean galtzen den ile kopurua eta abar neur ditzake, zehaztasun milimetrikoarekin. Noski, informazio hori aplikazio baten bidez ematen du, bide batez beharko zenituzkeen kosmetikorik egokienak gomendatzeaz batera.
Beldur naiz, lagunok, noiz bururatuko ote zaion baten bati komuneko paperari ere Interneterako konexioa jartzea...

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/orrazia
Orrazi adimendunaren webgune ofiziala. Neuk ere pentsatu nahi dut txantxa dela...
https://labur.eus/ilunabar
Ilunabar aldea telesaila euskarazko Wikipedian. Ez nago oso ziur kontatu dizuedan atal hori zein denboralditakoa den...
http://twitter.com/internetofshit
Gauzen Internet kontzeptu interesgarria bada ere, batzuetan argi dago kontrola galtzen ari garela. Twitter kontu honetan, kontzeptuaren aplikaziorik xelebreenak biltzen dituzte.