Ekainaren 13a. Ozazetik (Zuberoa) Ortzaizera (Nafarroa Beherea). Jendea korrika, herriz herri, lekukoa eskuz esku, euskararen eta AEKren alde, amaierako mezu eta guzti: hitza askatzeko deia, inoiz erraza izan ez den euskararen aldeko lana egin dutenei aitorpena, eta lan horretan jarraitzeko deia gazteei. Izan zitekeen Korrika, baina ez, Herrika zen: aipatu ingurutako hainbat gaztek Korrikaren hutsunea betetzeko antolatu zuten haren antzeko ekimena. Izan ere, osasun egoerak behartuta, AEK-k aurtengo udaberrian egitekoa zen 22. Korrika atzeratu egin behar izan du. Hortaz, euskararekiko atxikimendua azaltzeko eta Korrikaren indarrari eusteko ez ezik, AEKri laguntzeko ere antolatu dute Herrika: ekimenean eskuraturiko irabaziak AEKri bideratu dizkiote sustatzaileek. Udaberrian egin nahi bazuten ere, osasun baldintzak malgutu direnean egin dute, osasun neurriak beteta, jakina. Ardura eta gogoa batu ditu Herrikak. Euskarari heltzeko ardura, Korrikaren balio sinboliko eta errealari eusteko gogoa, eta elkarlanaren garrantzia erakusten duen lekukoari eskuz esku heltzeko nahia. Behar duelako jendeak Korrika; eta Korrikak, jendea.