Ados Pilota eskuzko emakume pilotari profesionalen lehenengo kluba da. Bidea erraztu nahi die neska pilotazaleei, eta frontoian agerikotasuna eta jokatzeko aukera eman urte osoan. Profesionaltasuna dute xede, alegia, orain arteko baldintzak hobetzea. Hala, klubak bi adar ditu: profesionala eta prestakuntza. Nafarroako Latasako pilotalekuan biltzen dira, astero, entrenatzeko. Maider del Olmo.

Umetatik jokatzen dute pilotan Maite Ruiz de Larramendik eta Iera Agirrek. Halere, nahitaez palara salto egin behar izan zuten, eskuz jokatzen jarraitzeko aukerarik ez zutelako. Duela bost urte hasi ziren berriro esku pilotan, eta denbora honetan izandako esperientziak adoretuta, biek elkar hartuta, udaberrian kluba eratzea erabaki zuten. Udan, berriz, ez dute atsedenik izan, Plazaz Plaza txapelketa dela eta. Hainbat herritako frontoi irekietan ikusi ahal izan ditugu jokoan. Pozik dira harrerarekin, eta ahaleginak merezi izan duelakoan daude.
Pilotaren munduan, antzeko ibilbidea izan dute Ados Pilota klubaren sustatzaileek. Hura sortzeko arrazoiez galdetuta, garraztasuna ezkutatu gabe, Ruiz de Larramendik txikitako oroitzapenak dakartza gogora: “Nik ez nuen erabaki esku pilota uztea, hori da kontua. 14-15 urterekin, neskok ez genuen eskuz jokatzen jarraitzeko aukerarik. Orain 47 urte ditut. Gero eta neska gehiago ikusten ditut pilotan. Gure garaian, ordea, gurasoei behin baino gehiagotan esaten zieten neska izanda ez nuela esku pilotan jokatu behar, hain justu eskuak hondatuko zitzaizkidalako. Tradizioagatik edota kulturagatik ere esaten zuten hori. Nik ikusten nuen mutiko batzuek utzi egin behar izaten zutela pilota eskuengatik, baina horri buruz ez zen ezer esaten”.
Agirrek Leitzako pilotalekuko haurtzaroko kontuak eduki ditu gomutan“Leitzan, pilotazaletasun handia dago, eta zazpi urterekin hasi nintzen Aurrera Pilota programan. Hiru neska ginen orduan”. Honek ere ez zuen aukerarik izan eskuz jokatzen segitzeko, eta, ondorioz, palaz jokatzen hasi zen, Ruiz de Larramendiren gisan. Edozelan ere, ez dira bakarrak. Hori ikusita, klubeko prestakuntza alorrean arreta berezia jartzen dute 12-13 urteko neskengan, jakin badakite-eta, esperientziaz, adin horretatik aurrera uzten diola neska askok pilotan jokatzeari. Izan ere, hortik aurrera, mutilekin lehiatzeko zailtasunak areagotu egiten dira.
Denei aukera eman
Enpresa baino, kluba direla azpimarratu dute. “Onerako nahiz txarrerako”, haien hitzetan. Horrela, lortzen duten diru guztia klubera bideratzen dute, profesionaltasuna eta prestakuntza sustatzeko. Egun, 13 pilotari daude bertan, eta denei jokatzeko aukera ematea da irizpide nagusia partida edota txapelketa bakoitza nork jokatu erabakitzeko orduan. Agirrek azaldu duenez, “banaketa orekatua egiten saiatzen gara. Txapelketa batean pilotari batzuk jokatu gabe geratu badira, hurrengoan haiek hartuko dute parte”. Agerikotasuna lortzea da beste helburuetako bat; hori dela eta, pilotaleku irekiak hobesten dituzte.
Bestalde, profesionaltasunaren bidean, lan kontratuak egitea dute xede, nahiz eta afizioa ofizio bilakatzea urrun samar ikusten duten. Hala, zenbaitzuek etxeko eta laneko ardurak uztartu behar dituzte pilotarekin, astean behin entrenatzeko edota txapelketetan aritzeko. Entrenatzeko, Latasan (Nafarroa)  elkartzen dira astearte edo asteazken arratsaldeetan. Pilotan ikasi nahi duen edonorentzat ateak zabalik dituztela ahaztu gabe, Agirrek nabarmendu bezala: “Beren herrian lekurik topatzen ez duten neskek hemen izango dute aukera, prestakuntza atalean”.

BERDINTASUNAREKIN BUELTAKA
Urtebete daramate pilota mistoarekin entrenatzen Agirrek eta Ruiz de Larramendik, aurretik lau urtez-edo goxoarekin aritu ostean. Mistoa zorrotzagoa denez, jokoa ere aldatu egiten da. Bizitasun handiagoa du pilota horrek. “Mistoarekin nahikoa dugu. Emakume pilotarion helburua ez da pilota gogorrarekin jokatzea, gizonezko profesionalek bezala; ez, behintzat, epe laburrean, gure eskuek ez bailukete jasango, gehiegizkoa izango litzateke. Agian, egunen batean, entrenamenduak hobetuko balira, izan liteke, baina ez da gure helburua” dio Agirrek. Ruiz de Larramendik gehitu duenez, “mutur batetik bestera igaro garela iruditzen zait batzuetan, gizonezko profesionalek bezala pilota gogorrarekin jokatu beharko genukeela esaten digutenean”. Ez du zentzurik: “Mutilekin konparatzen gaituzte, eta kontua ez da hori. Beste kirol batzuetan, distantziak eta materialak egokitu egiten dituzte, ezta? Bada, gurean berdin".
Pausoz pauso prestatzen dira nesken eskuak ere. Ilobaren kasua aipatu du Ruiz de Larramendik: “Sei urterekin hasi zen pilotan. Orain, 18 urte ditu, eta bere eskuak prestatuta daude eskuz aritzeko”. Asko pozten da egun pilotari gazteek erraztasun handiagoak dituztela ikustean. Bestalde, 15-16 urtera arte, neskak eta mutilak elkarren aurka lehiatzearen aldekoa da bera: “Partida misto horiek neskentzat onuragarriak direla uste dut, ona da modu horretan indarrak neurtzea”.