Telesail bat, websail bat eta aplikazio interaktibo bat saritu dituzte 2020ko 2deo sarian. Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko 2deo ikus-entzunezkoen laborategiak antolatzen du 2deo 2020 saria, ikus-entzunezko edukietan oinarritutako proiektuak bultzatzeko. Horrenbestez, urtarriletik maiatzera, 50.000 euroko laguntza banatuko da hiru proiektu irabazleen artean, prototipoak egin ditzaten. Batetik, Jone Arriolaren Larrugorritan telesaila, gazteak ardatz hartuta emakumeei eta gizonei buruzko estereotipoak apurtu nahi dituena. Bestetik, La Traka Producciones-en Nahiak websaila, drama eta komedia nahasiz bazterketa arriskuan diren kolektiboei ikusgarritasuna eman nahi diena. Azkenik, Pello Reparazen Fatum, adimen artifizialarekin sortutako abesti eta ikus-entzunezkoen aplikazio interaktiboa. Prozesu hori amaitzen dutenean, 2deon bertan egingo dute sortutakoaren aurkezpena.


453konpromisoa
KONPROMISOA
 antzezlana estreinatuko du Txalo Produkzioak konpainiak urtarrilaren 8an, Eibarren. Philippe Claudelen Compromis komedian oinarritua eta Martin Agirrek itzulia, German arrakastarik gabeko aktorearen eta haren aspaldiko lagun Tomas sasiautorearen arteko jukutria saiakera du abiapuntu: Germanek bere etxebizitza saltzeko laguntza eskatuko dio Tomasi, eta, tratua egiteko eroslea etxera iristen denerako, hasieran elkarrizketa gozoa zutena ika-mika garratza bihurtuko zaie. Begoña Bilbaok zuzendu du, eta Zuhaitz Gurrutxaga, Ramon Agirre eta Joseba Apaolaza ditu aktore. Eibarko estreinaldiaren ostean, Hondarribian, Donostian, Erandion, Tolosan, Zumaian eta Villabonan ikusi ahal izango da, urtarrilean.

LABURREAN

453black
FERMIN MUGURUZA
 Black is Beltza animaziozko filmaren bigarren zatia egingo du. El Diario Vasco egunkarian argitaratu dutenez, une honetan egitasmoa garatzen ari dira, Muguruzak berak Harkaitz Canoren eta Isa Camporen laguntzarekin idatzitako gidoia oinarri. Bigarren zatian, lehen filmeko Manex Unanue protagonistaren alaba Ainhoa izango da protagonista, eta istorioa Gerra Hotzaren amaieran kokatuko da. 

MENDIKO kulturarekin lotutako zinemagintza sustatzeko, Mendi Film Bizkaia-Ternua beka sortu dute Mendi Film jaialdiak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak eta Ternuak. 18 eta 35 urte bitartean dituzten eta zineman hasiberriak diren gazteak ditu jomuga, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan jaioak edo ikasitakoak badira. Mendiko kulturarekin zerikusia duten gaiak landu behar dituzte, EAEko eremu geografikora edo bertako biztanleriara mugatuta. Irabazleak 10.000 euroko laguntza jasoko du. Otsailaren 8ra arte eman daiteke izena, Mendi Filmen webgunean: mendifilmfestival.com.