Gizakion erruz

Dagoeneko ez dira etorkizuneko kontu bat: Parisen, adibidez, urtarrilean jarri zituzten martxan bi minibus elektriko eta autonomo, Austerlitz eta Lyon tren geltokien arteko ibilbide laburra egiteko. Seina lagunentzako lekua dute, eta errepidean haientzat baino ez gordetako errail batetik mugitzen dira. Esperientzia etsigarri samarra izan omen da gailuaren egileentzat, segurtasun arrazoiengatik oso-oso astiro mugitzera behartu dituztelako, eta egoera ‘kontrolatuegian’.
Horregatik, Atlantikoa zeharkatu dute Parisko mikrobusen egileek, apustu zailagoen bila. Estatu Batuetan, Las Vegas hiriak heldu dio erronkari, eta azaroan jarri du martxan mikrobus zerbitzu bat, Parisen dabiltzan ibilgailu autonomoen modukoetan oinarrituta. Baina oraingo honetan, ez dago errail berezirik: Las Vegaseko mikrobus autonomoak hiriko trafiko arruntean gora eta behera mugitu behar dira.
Ezin esan erronka gainditu dutenik, ordea. Azaroaren 9an bertan, mikrobus autonomoak errepidera lehenengoz irten eta ordubete eskasera, ttak, horra lehen istripua: 16 gurpileko trailer handi horietako bat mikrobusaren bidean gurutzatu da, biltegi batera sartzeko maniobra egiteko; busak arriskua ‘ikusi’ du, eta segituan gelditu da; trailerrak, aitzitik, atzeraka sartzeko maniobran, busera hurbiltzen jarraitu du, gero eta hurbilago; bidaiariak ‘Oh my God!’-ka hasi dira... Robotak ezin izan du maniobra ulertu, eta bera ere atzeraka hasi beharrean, hantxe gelditu da, ez atzera ez aurrera, harik eta atoiak busaren aurrealdea ‘musukatu’ eta kirrika metaliko ozena entzun den arte (kamioilariaren orroez ez dugu ezer esango, errespetuz).
Ez dakit, dagoeneko askotxo dira auto autonomoek izandako ezbeharren inguruan han eta hemen irakurritakoak, eta azalpena beti izaten da bera: “Errua gizakiarena da”. Baina, aizue, norbaitek onartu beharko du, lehen belaunaldietan, behintzat, traste hauek jakin beharko dutela, gizakion artean gidatu behar dutenez gero, gidatzeko daukagun modu alderrai eta aurreikusi ezinaren aurrean erantzuten, ezta?

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/vegasbus
Istriputxoaren albistea, Las Vegaseko tokiko telebista batean (ingelesez, noski!)

https://labur.eus/donostibus
Gugandik hurbilago ere izan ditugu bus autonomoak. 2016an, Donostian ibili ziren probatan.

https://labur.eus/autopizza
Jendea garraiatzeko ez ezik, ibilgailu autonomoak beste hamaika gauzatarako ere erabil daitezke. Adibidez: pizzak eramateko!