“Poesia da umeen lehenengo kontaktua literaturarekin”

bilbao

Leire Bilbao (Ondarroa, 1978) idazleak bi irakurle mota dauzka, batez ere. Batetik, gaztetxoentzako 20 argitalpen inguru kaleratu ditu. Bestetik, bi poema bilduma, poesiazale helduentzat (Ezkatak, 2006; eta Scanner, 2011). Duela gutxi, Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria eman diote Xomorropoemak eta beste piztia batzuk (Pamiela) liburuagatik (haurrentzako poesia). M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Espero zenuen saria?
Espero baino, urte askotako lanaren aitorpen moduan hartu dut. Proiektua sortu zen idatzi nahi nuelako, baina bi ume nituen esku artean, bigarrena bidean. Hortaz, haiei begira jarri nintzen literatura egiten. Orduan konturatu nintzen umeen lehenengo kontaktua literaturarekin poesia dela, etxean jasotako kantuen eta hitz jokoen bidez. Gainera, horiek gure tradiziotik datoz, beraz, erakutsi eta zabaldu egin behar ditugu. Hala, gustatzen zaidana, poesia, haiei begira egin nuen, jolasteko asmoz, ez dezagun pentsa poesia arrotza denik. Nagusitzen garenean, kostatu egiten zaigu poesiara hurbiltzea, pedantea edo zaila iruditzen zaigu, eskuetatik ihes egiten duela. Bada, egin dezagun poesia jolaserako, ondo pasatzeko eta umeekin gozatzeko, kontatuz eta kantatuz.
Euskadi Sariaren aurretik, Lizardi Saria ere eskuratu zenuen urte hasieran...
Bai, horretara neure burua aurkeztu nuen. Baneukan gogoa gazteentzako narrazio edo nobela txiki bat kontatzeko, eta, bigarren umea eduki ondoren, eszedentzia hartu nuen. Erabaki nuen behingoz nire bizitzan denbora hartuko nuela idazteko, zaletasuna neurri batean ofizio ere sentitzeko. Diru sarrera bat ere izan zen saria, eta balio izan zuen idazteko inbertituriko denbora justifikatzeko-edo.
Katixa Agirreren Amek ez dute idazten liburuak saria jaso zuen Ondarroako Literatur Amuak jaialdian, zeu epaimahaian zinela. Zu ama zara eta idazten duzu...
Kostata idazten dugu amok, baina gogoko lekuan, aldaparik ez! Nor bere buruarekin egoteko memento hori bilatzea, idazten jartzeko indarra nola arraio lortu... zaila izaten da norberarentzat denbora gutxien dagoen garai horretan. Katixari eta bioi horixe gertatu izan zaigu. 
Amatasunaren eta sorkuntzaren arteko loturaz dihardu liburuak. Hor ere ezinean emakumea?
Badu nobela poliziakotik ere zerbait, baina bai. Horregatik hartu nuen iaz eszedentzia, eta horregatik atera zen Lizardi Saria lortu zuen Pikondoaren balada. Irène Némirovsky idazleak esaten zuen umea oinetan zuela idazten zuela, eta gaur egun hori txarto ikusia egongo litzateke. Virginia Woolfek ere zioen, Gela bat norberarena liburuan, norberaren gela eta norberaren denbora baino, beharrezkoagoa dela norberaren dirua edukitzea. Woolf oso argia zen, baina baita haren izeba bat ere: lobari 500 liberako beka moduko bat eman zion hilero, ekonomikoki independentea izan zedin.
Hamaika urte daramatzu lanak plazaratzen, baina produkzio
oparoagoa duzu haur literaturan poesian baino. Errazago idazten duzu umeentzat?
Poema liburu batekin egin nuen salto literaturaren plazara. Poesia asko maite dut, beti ari naiz helduentzako poesia idazten, baina denbora asko eskatzen dit. Gutxika ateratzen dut, gutxika zizelkatzen garbitzen, aletzen dut... askoz ere geldoago pasatzen dut galbahetik, barruak eskatu behar dit. Haurrena beste era batera osatzen dut.
Zein da haur eta gazte literaturaren egiteko nagusia?
Nire ustez, zabalik dagoen leiho bat izan behar du, barrurako eta kanporako, pentsatzeko. Liburua hartzen duen horrek eduki ditzala begiak garbi, aratz eta zabalik barrura begiratzeko eta, literaturaren bidez, bere buruan arakatzeko. Baita kanpora begiratzeko ere, beste mundu batzuk ikusteko, mundua ez delako norberaren etxean, auzoan edo herrian bukatzen. Begiratze horrek umea pentsatzera bultzatu behar du, bakoitzak ikusteko bere modua izan arren, besteena ere hor dagoela ulertzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako BizkaiIdatz Txikia lehiaketarako amaierarik gabeko ipuina idatzi duzu. Umeak irakurtzera ez ezik, idaztera ere animatzeko helburua du?
Duela gutxi irakurri nuen irakurtzen ondo dakienak idazten hobeto jakiten duela, eta ondo idazteak hobeto pentsarazten duela. Irakurzaleak, normalean, idaztera jotzen du, eta idaztean jabetzen da bere gaitasunez eta ezintasunez. Ariketa ona da. Ipuinaren hasierari Munstro bat nire ispiluan jarri diot izena. Azken batean, ume batek bere burua nola ikusten duen kontatzen du. Ipuina amaitzeko gonbidapena da lehiaketa. Uste dut lan eskerga edukiko dugula irakurtzeko, eta espero dut saria akuilu izatea irabazlearentzat, irakurtzen eta idazten jarrai dezan.
Umeentzat idazten duen Leire Bilbao eta helduentzat ari den poeta bi pertsona dira?
Nire aurpegiaren bi alderdiak erakusten ditut, ilargiak bezala, kar-kar! Tonu ezberdina erabiltzen dut. Haur literatura idazten dudanean, gustatzen zait neure burua probatzea eta hainbat gairi heltzea, ni neu harrituko nautenak. Haur literaturako aurpegia alaiagoa eta fantastikoagoa da; poesian, aldiz, barnerakoiagoa.
Zer ematen dizu, eta zer kentzen, genero bakoitzak?
Kendu, ezer ere ez. Batean eta bestean egin daiteke nahi den ia guztia, eta lortzen ez badut, neurea da ezina. Haurrekin gauza ederrak gertatzen dira; adibidez, ikastetxeetara joaten naizenean haiekin irakurtzera eta haien komentarioak entzutera, batzuek xomorropoemen hasierak buruz esatea. Bestalde, poesiak ekar dezakeen ustekabe eder bat da musikari batek zure poema kantu bihurtzea, hori oparia da. Azkena Rafa Ruedak kaleratu duen Hiri kristalezkoa diskoan sartu da. Gauza bera gertatu zait Jabier Muguruza, Maddi Oihenart, Keu Agirretxea eta beste batzuekin.
Helduentzako poemak bi liburutan argitaratu dituzu, bigarrena duela sei urte. Ari zara hirugarrena osatzen?
Beti esaten dut nire lehen poema liburua idazten 27 urte eman nituela, eta nire bizitza osoa horra bota nuela, kar-kar! Bigarrena idazteko, berriz, bost urte behar izan nituen. Hirugarrena etorriko da, agian sei edo zazpi urtera, baina dagoeneko badaude poema batzuk.
Nola erabakitzen duzu dauzkazun poemak nahikoa direla liburua osatzeko?
Euskal Herrian, batez beste 50-60 poema izaten dira liburuko. Asko da, adibidez, Espainiako poetekin alderatuta. Haiek 30-35 poemarekin osatzen dute liburua, baita Europan ezagutzen ditudan poetek ere; hori da nire sentsazioa, behintzat. Hemen, badugu joera hori: zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto. Ez da erraza noiz amaitu erabakitzea, baina uneren batean esan behar da “kito!”. Bestela, poeta beti egongo litzateke bere poemak zirriborratzen.
Hurrengo liburua ezingo duzu Sautrela saioan aurkeztu. Zer iruditu zaizu hura bukatutzat jotzeko EITBren erabakia?
Pena itzela da hainbesteko maitasunez sortutako, abiatutako, egindako eta jarraitutako saio bat, beharrezkoa bera, bertan behera uztea. Ez hartzea aintzat euskal literatura eta euskal sorkuntzarako saio bat behar denik diru publikoarekin... Diru publikoa entretenimendura bideratzen badugu, ez al da sorkuntza literarioa beste entretenimendu bat? Geurea zaindu behar dugu, geuk egina eta geu ordezkatzen gaituena. Bestela, emango du beste entretenimendu mota batzuek ordezkatzen gaituztela, horixe dela gazteek eta ez hain gazteek kontsumi dezaketen bakarra. Telebistan ere leiho bat behar da literaturari erakusleiho bat emateko, erakusleiho hori beharrezkoa dutelako sortzaileek. Pena itzela, eta injustizia.
Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumarako, Nijole Miliauskaite lituaniarraren poemen antologia itzuli zenuen. Nolatan?
Itzultzaileak asko ikasten du lan hori egiten, itzultzen ari zaren idazlearen sorkuntza mekanismoak ikusten dituzu, nola jolasten duen hitzekin, nola apurtzen dituen... Beñat Sarasolak bazekien itzulpen bat egiteko gogo handia nuela eta Wisława Szymborska asko gustatzen zaidala, baina hura hartuta zegoen, beraz, Nijole Miliauskaite proposatu zidan. Ingelesez irakurtzen hasi nintzen, eta irakurri ahala itzultzen, baina gero Galizian gaztelaniazko itzulpen zoragarri bat aurkitzeko zortea izan nuen, Ferroleko liburu denda txiki batean geratzen zen bakarra. Lituanieratik zuzenean itzulita zegoen eta, telefonoz deituta, lortu nuen erostea. Horrela, bi itzulpenak erkatzeko aukera eduki nuen. Nire kezka zen, euskarara ekartzerakoan, jatorrizkoaren tonua eta estiloa zaintzea. Seguru asko une batzuetan neureganatuko nuen, baina saiatu nintzen idazlearen tonuari eta estiloari ahalik eta fidelen eusten.
Zure poemak ere itzuli dituzte hainbat hizkuntzatara...
Kantuak bezala, hori ere oparia da. 2014an, Galizian itzulpen tailer batean egoteko zortea izan nuen. Batu ginen Singapurreko, Txekiako, Finlandiako, Lituaniako, Errumaniako eta Galiziako poetak, ingelesa zubi hizkuntza genuela. Horrelakoetan ohartzen da bat nola dauden itzulita bere poemak. Itzulpenarekin guztiz gustura geratzeko, beharrezkoa da sortzailea aurrean edukitzea, baina nik ez nuen zorte hori izan Miliauskaiterekin, Munduko Poesia Kaierak bilduman itzultzen den poeta hilda egotea delako baldintzetako bat.
Bertsolari ere ibili izan zara, Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa irabazi zenuen 1996an. Bertsoaren mugetatik ihesi ekin zenion poesiari?
Poemak hasi nintzen idazten artean bertsotan ari nintzela, eta bertso idatziak ere egiten nituen. Neurririk, metrikarik eta errimarik gabeko askatasuna probatu nahi nuen, tradiziotik egin nuen jauzi poesiara. Bertsoaren mekanismoak gutxi gorabehera ikasi, eta poesiaren mekanismoetarako bidea egin nuen.
Oraindik finalera nor iritsiko den jakin barik, baduzu faboritorik Bertsolari Txapelketa Nagusirako?
Asko ditut, batengatik baino gehiagogatik poztuko nintzateke. Maialen Lujanbiok irabazi zuenean, itzelezko poza hartu nuen, denok zutitu ginen lehenengo emakume txapelduna izendatu zutenean; Amets Arzallusek irabaztea ere eder askoa izan zen, oso ibilbide ederra baitauka; beste batzuk ere gustuko ditut, Igor Elortza, adibidez... 

Kolkotik  

Ipuin klasiko bat?
Alizia lurralde miresgarrian.
Zer egingo duzu Durangoko Azokan? Standean egotea tokatzen zait aurten, liburuak sinatzen.
Zure etxean, Olentzerok beti ekartzen ditu liburuak?
Bai, derrigor.
Euskara ikasteko bi arrazoi?
Euskarak bere mundu berezia duela eta esanak izana dakarrela. Esan euskaraz, eta izango zara euskaldun.
Irakurtzeko, paperezko liburua ala pantaila?
Papera.
Txikitan kontatzeko behin eta berriz eskatzen zenuen ipuina?
Aitak asmatutako bat, piratei buruzkoa.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Euskararen erabilera handitu eta normalizatu egin dela.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Munstro bat!
Zerk eragiten dizu barre?
Semeek, goizero.
Eta negar?
Kataluniako egoera politikoak.
Zerk ematen dizu lotsa?
Gauza askok, oso lotsatia naiz.
Eta beldurra?
Egoera politikoak, batzuetan.
Zer ez da inoiz falta zure etxeko hozkailuan?
Jogurtak eta esnea.
Larunbat gauerako plan onena?
Umeak lokartuta egotea!
Inspirazioa bilatzeko, zer?
Isiltasuna.
Bi hitzetan, nolakoa da Leire Bilbao? Obretan dago, kar-kar!