Izen hori du mungiarraren proiektu berriak, bakarka kaleraturiko seigarren lan luzeak.  Gitarra, ahotsa, elektronika eta literatura uztartu ditu zortzi kantuz osatutako diskoa argitaratzeko; eta, musikariak berak adierazi duenez, “disko biluzia” egin nahi izan du. Ruedak laster beteko ditu bi hamarkada berak idatziriko hitzak zein idazleenak kantatzen: 2003an hasi zuen ibilbidean, harreman estua izan du idazleekin eta literaturarekin, bai diskoak bere izenarekin sinatu dituenean bai beste sortzaile batzuekin elkarlanean ondu dituenean. Oraingoan, Inge Muller, Joseba Sarrionandia, Iñigo Astiz, Audre Lorde, Mari Luz Esteban, Josu Goikoetxea eta Elena Olaveren testuak musikatuz sortu ditu abestiak. Nabarmentzekoa da, bestalde, Bilboko Koral Elkarteko Euskeria abesbatzak (30 ahots gaztez osatua) hainbat kantutan hartu duela parte. Jon Agirrezabalaga (WAS) izan da ekoizpen artistikoaren, grabaketaren eta elektronikaren arduraduna.


453martiartu
HAIZEA MARTIARTU
 saxo jotzaile gazteak, bere estreinako diskoa osatzeko, jazz girora eraman ditu euskal kantagintzako hainbat klasiko. Aita-semeak, Santa Ageda, Aldapeko... kantek berriak eta arrotzak ematen dute Martiartuk landu ostean. Bartzelonako ESMUC musika eskolan jazzeko saxo karrera burutzera joan zenean ohartu ei zen bere konposizioek zortzikoen kutsua zutela, “Markinako musika bandan jotzen nituen euskal doinu eta pieza haiena, alegia”. Hortik dator diskoaren izena ere: Folketik Jazz Ensemblera. Beste bederatzi musikari gazteren laguntza izan du Martiartuk zortzi piezako bilduma hau atontzeko: Lucía Fumero, Sergio del Campo, Joan Mar Sauque, Julio Marín, Jofre Alemany, Eneko Urrestarazu, Carla González eta Pol Ribó.

453lorehilak
LORE HILAK

Haxotz
Egilea editore, 2020

Taldeak berak dioenez, “hardcore melodikotik hasita, stonerraren, bigarren olatuko emoaren edota Washingtongo posthardcore eszenaren eraginak” aurkituko ditu entzuleak lan honetan. Izenburuari dagokionez, berriz, “lore hilen sorta baten forma du diskoak, abesti bakoitza zimelduriko zerbaiten ikur delarik: adiskidetasun ozpindua, kapitalaren indar korrosiboa, norbera berrasmatzeko promesen hutsalkeria edo maskulinitate toxikoa”. Ondorioz, “apokalipsiaren ertzean bizi garela dirudien garaian, egoera honi soinu banda” jarri dio taldeak.

453xamanak
XAMANAK

Endika Lahaine & Hawaiiano Kid
Taupaka, 2020

Hawaiiano Kid-ek eraikitako musika pasarteek Endika Lahainek idatzitako hitzekin bat egin dute, gizakiaren izaera aztertzen duten hamaika abesti sortzeko. Hala, 121 Krew taldeko bi kide hauek atmosfera berezia sortu dute, hitzen eta musikaren aldetik, rap kontzeptua oinarri duen disko honetan. Halere, ez diote uko egin bide berrien bilaketari: spoken wordetik down tempora, soul eta jazz kutsua duten haize instrumentuetatik Peñapardako perkusiora... Ohikune hau lurraren soinua eta lokatzarekin kontaktua bilatzen duten belarriak asetzera dator.