Iragan abuztuaren 1etik, ez da ez gurutzaontzi ez itsasontzi handirik igaro Venezia hiriaren aurretik. Egun horretan sartu zen indarrean Italiako Gobernuak hiria babesteko uztailean onartutako dekretua. Zehazki, 180 metro baino luzeagoak zein 35 metro baino altuagoak diren eta 25.000 tona gordin baino gehiago pisatzen duten itsasontzien nabigazioa debekatu dute, baita % 0,1eko sufre emisioak gainditzen dituztenena ere. Orain, turistentzako gurutzaontziak Margherako industria portuan lehorreratzen dira. Porturatzeko, hiri paretik igaro beharrean, beste kanal bat baliatzen dute. Dekretuak veneziar eta ingurumenaren aldeko ekintzaile askoren oniritzia jaso du. Izan ere, gurutzaontzi handiek kutsatu ez ezik, hiriko ondarea izugarri kaltetu ere egiten zuten. Beste arrazoi bat ere bada: neurririk hartu ezean, Veneziari Gizateriaren Ondare izendapena kenduko ziola ohartarazi zuen Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak.