Eraikuntza

Eegurrezkogurrezko etxe orratzik altuena egin nahi dute Japonian

Munduko egurrezko etxe orratzik garaiena eraiki nahi dute Tokioko hirigunean. 350 metro luze izango da, eta 70 solairu edukiko ditu. Egurrezko produktuak ekoizten dituen Sumitomo Forestry enpresak eraikiko du, eta 2041. urterako amaitu nahi dute. W350 izena ipini diote oraindik sortu ere egin ez den etxe orratzari. Egitura metalezkoa eta egurrezkoa izanen du, baina nagusiki egurrezkoa: % 90 inguru. Guztira, 455.000 metro koadroko esparrua izango du, eta etxebizitzak, bulegoak eta dendak hartuko lituzke. Denak ere landare ugariz inguratuak. Etxe orratza eraikitzeko, 4.500 milioi euro pasatxo beharko dituztela aurreikusi dute; eraikin bera ohiko materialekin egiteak balioko lukeenaren bikoitza. Halere, enpresaren ustez, hemendik 2041era bitartean teknologiak asko aurreratuko direnez, kostua murriztu ahal izango dute. Gaur egun, badira egurrarekin egindako hainbat solairuko etxeak. Altuena, oraingoz, iaz Kanadan egindako bat da: 53 metroko luzera du. Era berean, antzeko egitasmoak ere iragarri izan dituzte beste zenbait lekutan. Chicagon, esaterako, 244 metroko egurrezko dorrea eraikitzeko asmotan dira. Iragarpenak deigarriak direnik ezin uka, baina, azkenean, deus eginen al dute? Jakiteko, urte batzuk itxaron beharko!