Gipuzkoako Kilometroak jaia urriaren 3an ospatuko da aurten; Nafarroa Oinez, berriz, urriaren 16ko eta 17ko asteburuan. Ez dira, ez bata ez bestea, lehengo festa haiek bezalakoak izango, baina iazko etenaldiaren ondoren antolatzaileek aurkitu dute ekitaldiak egiteko modua, bizi izaten ari garen egoerara egokituta. Kilometroak Goierrira itzuliko da, Beasain, Lazkao eta Ordiziako Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastolek antolatuta, Batera, bagara, bat gara leloa lagun. Ikastolen kolektiboa eta hezkuntza komunitatearen aniztasuna eta batasuna azpimarratzea dute helburu aurten. Nafarroa Oinez, ostera, Lizarran ospatuko da, herriko ikastolak 50 urte bete dituelako aurten. Hegan Oinez lelopean, herrigunean bertan kokatuko dira eremu guztiak. Xedeak, besteak beste, haur eskola berritzea eta ikastolaren eraikina ingurunerako jasangarriagoa bihurtzea. Datak hurbildu ahala, informazio osatuagoa aurkitu ahal izango da kilometroak.eus eta nafarroaoinez.eus atarietan.