Premiak sortu zuen nire zaletasuna

landaJoxe Landa
Eguraldi iragarlea

Urte asko daramatza Landak (Itziar, 1929) hainbat hedabidetan eguraldiaren berri ematen. Egunero egiten du Gara egunkarian, baita Info7, Xorroxin, Oiartzun, Segura, Leitza eta Arrasate irratietan ere; Onda Ceron, berriz, astean behin. Bere kasa ikasitakoa, Egin egunkaria sortzearekin batera hasi zen eguraldia iragartzen. Itziarko Endoia auzoko Beliosoro Goikoa baserriko semea, 40 urtera arte aritu zen baserrian; ondoren, Ineko Itziarko Nekazaritza Kooperatibaren zuzendaria izan zen. Bloga ere badu: joxelanda.blogia.com

Eguraldia iragartzeaz ez zara nekatzen, ezta aspertzen ere.
Ez, ez. Alderantziz, esango nuke: bizipoza ematen dit, nolabait. Ematen du zeresana eta ematen du entretenimendua. Ez nau gogaitzen batere. Goizero-goizero, 6:30ak aldera jaikitzen naiz, Interneten ibili, kanpora pixka bat begiratu eta iragarpena prestatzen dut. Interneten begiratuta bai, informazioa eskuratzen dut, baina behatuz beste hainbeste lortzen dut ia.
Zeri erreparatzen diozu?
Naturari; naturaren barruan dago eguraldia. Eguratsaren aldia, hortik dator eguraldia hitza. Naturaren osagai guztiei erreparatzen diet: lainoak nondik nora doazen, hezetasuna, haizeak nondik jotzen duen... Animaliei ere, dezente.
Eguraldi kontuetan, zure eskola “Itziarko Unibertsitatea” izan da.
Bai, bai. Baserrian ikasi nuen gehiena. Nire zaletasuna premiatik sortu zen . Baserriko eguneroko lanetan, eguraldia izugarri garrantzitsua da, beharrezkoa da jakitea nolakoa datorren. Hortaz, goizean jaiki, eta lehenengo lana izaten zen behatzea, eguneko lanak antolatzeko. Premia horrek eragin zien, aitari eta, zaletasuna.
Aitarengandik asko ikasi zenuen. Herri jakituriak asko erakusten du?
Jendeak uste duena baino gehiago! Ene! Garbi-garbi: inorekin eguraldi kontuei buruz hizketan jarriz gero, azkar asko igarriko nioke baserritarra edo kaletarra den. Gutxi-gehiago, baserritar guztiek dute sena; batzuek, egundokoa.
Gaur egun, teknologia tarteko, muzin egin diogu inguruari begiratzeari?
Bai, bai. Teknologia estimagarria da, baina uste dut kasu batzuetan gehiegi gutxietsi ditugula lehengo kontuak. Bidean dezente galdu dira behatze kontuak eta.
Egun batean elurtea eta hurrengoan eguzkia. Eguraldia erotzen ari al zaigu?
Ez, ez, bai zera! Horrelako aldarteak... berezkoak ditu klimak. Aurtengo elurtea baino handiagoak ere ezagutu ditugu. Eguraldiaren gorabeherak aztertzean, orain asko erabiltzen dira “markak hautsi” eta halakoak, baina epealdi motzei erreparatzen zaie, azken hamabost urteei eta... Markak hausteko, urte askotako tartea hartu behar da kontuan.
Baserriak, zer giro?
Galdera latza, gaur egun. Lehengoan, Itziarri buruzko Herri txiki, infernu handi eman zuten. Bertan, baserritar zahar batekin aritu ziren hizketan. Jendea ez zen konturatuko, baina kontu garrantzitsuak aipatu zituen: baserria kinka larrian dagoela eta badela garaia norbait landarekin zer egin behar den aztertzen hasteko, adibidez. Ez dakit inor hori pentsatzen edo asmatzen ari den... Oraingoz, oso itsusi dago.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Eguraldiaren tankerak, dezente. Etxe aldean beti izaten dira gertakizunak, eta horiek ere batzuetan... Umeak ingurumarian izatea ere oso garrantzitsua da: ilobaren semeak eta...
Eta tristatu? Zerua goibeltzen denean. Baita beste milaka gauzak ere: etxe giroko gorabeherek eta...
Zerk haserrarazten zaitu? Zenbait eztabaidek, pixka bat, baina haserretu ez naiz haserretzen... Nahiko patxadatsua naiz.
Urtaro bat: Udaberria; natura berpiztu egiten da.
Eguzkia ala euria? Kar-kar... biak beharko ditugu. Txandaka, tamainan, hori da gakoa: ez gehiegi eta ez gutxiegi.

Eñaut Mitxelena