Nafarroako erdialdeko Izarbeibar eta Mañeruibar eskualdeetako 425 euskal izengoiti historiko bildu eta aztertu ditu Koldo Colomok Izengoititegia. Izarbe eta Mañeru ibarretako euskal izengoitiak (Pamiela, 2021) liburuan. Literatura zientifikoan gutxi aztertutako ondare lexikoa izan arren, Colomoren arabera, lagunarteko hizkera aberasteko material baliagarria eskaintzen dio egungo hiztunari. Liburua hiztegi gisa osatu du, eta hitzak gaika antolatu ditu: animaliak, ezaugarri fisiko eta psikikoak, izen hipokoristikoak, lanbideak, jentilizioak, onomatopeiak, metereologia... Gainera, Maribel Tena artistaren irudiak ditu lagungarri izengoitien benetako pertsonaiak irudikatzeko. Izengoitiez gain, euskarak bi ibarretan izan duen garapena eta ezizenek historikoki bete dituzten funtzio sozialak eta linguistikoak ere azaltzen ditu liburuak, baita hitzen arlo formala zein semantikoa aztertzen ere.