Galdera harrigarria dirudi literatur lan baten berri ematen hasteko, baina hori du abiapuntu Eider eta Arrate Rodriguez ahizpek elkarlanean sortu duten album ilustratuak (Oilasko hegalak, Erein). Eiderrek idatzitako testuari Arratek marraztu dizkio irudiak, hausnartzeko eta sentitzeko sortu duten lan honetan: haurrek zein gurasoek hausnar dezaten, bakarka edo batera; eta sentimenduak astintzeko, bakardadeaz, berekoikeriaz, haserreaz, askatasunaz eta maitasunaz mintzo direlako. Izan ere, “etxe honetan, oilaskoaren atalak aukeratzen azkena ama izaten da. Txanda iristen zaionerako, hegalak besterik ez duen hezurdura da hainbeste mimoz erretako oilaskoa. Aitak eta seme-alabek aurrea hartu diote: haienak dira izterrak eta bularkiak. Amak etsipenez irentsi ditu hegaltxoak. Halaxe egin du urteetan, kexatu gabe”. Familiako kideek osatzen duten ekosistema beste begi batzuetatik ikusteko gonbita ere bada Oilasko hegalak.



Foku

453irasizabal
GENERO BELTZA 
landu du, berriz ere, Iñaki Irasizabalek bere azken eleberrian (Arrakastaren aparrak, Elkar). “Estualdian jarri eta nola erantzuten duen ikusi, horrek esango dizu nolakoa den gizakia”. Esaldi horrekin hasten da nobela. Bertan, arrakastaren aparretan ibilitako negozio gizonak eta zikinkerian dabiltzan kazetariak edo pistola errazegi dantzatzen duten gazte txoroak topatuko ditugu; baita, batez ere, bikote gazte “normal” bat ere, egun batean legez kontrako, baina inori kalterik eragiten ez dion zerbait egiteagatik diru asko erraz lortzeko aukera izango duena. Nola egin uko eskaintzari? Ba al dakite, ordea, zein izan daitezkeen horren ondorioak, zailtasunak edota dilema moralak?

453etxekourak
ETXEKO URAK

Leire Bilbao
Susa, 2020

“Horrek etxeko urak dauzka” esaten dute Ondarroan, norbaitek etxeko izaera dakarrela adierazteko. Hain zuzen ere, urak botaz hasten da Leire Bilbaoren poema bilduma berria, eta listua eta hizkuntza datoz gero, kolektibotasunaren marea, eta harraska inguruko domestikotasuna. Amatasunari buruzko liburua baino gehiago, amatasunetik idatzitakoa da bilduma hau. “Denok gara erabat ezagutuko ez dugun ama baten seme-alabak” bukatzen da hitzaurreko poema.

453kantatu
NIK KANTATU ETA DANTZA EGITEN DU MENDIAK

Irene Sola
Alberdania, 2020

Joxan Elosegik euskaratu du idazle katalanaren eleberri hau, iaz Europar Batasuneko Literatur Saria jaso zuena. Pirinioetan bizi (eta hiltzen edo hilik bizi) dira nobela honetan hitz egiten diguten protagonistak. Ekaitzaren hodeiak eta oinaztarria mintzo zaizkigu, baita heriotzan murgilduko den nekazari poeta ere. Mintzo zaigu, halaber, orduz geroztik seme-alabak bakarrik hezi beharko dituen alargun gaztea.