Hondakin uren bidez ibaietara iristen diren droga arrastoek drogazale bilaka ditzakete arrainak, eta portaera aldatzen diete. Hala dio Pragako Bizitzaren Zientzien Unibertsitateko (Txekia) ikertzaile talde batek, metanfetamina hondarrek amuarrainei nola eragiten dieten aztertu ostean. Bi hilabetez, 60 amuarrainen portaera behatu dute. Batzuk ur garbitan eduki zituzten; besteak, aldiz, metanfetamina arrastoak zituzten uretan, Txekiako ur araztegietan topatu ohi dituzten kopuruetan. Ur kutsatuetan ibiltzean, denbora tarte laburrean garuneko jarduna handitzen zitzaien amuarrainei. Abstinentzia uneetan, ordea, moteldu egiten zitzaien. Gainera, bi hilabetera, ur kutsatuetan bizi zirenak ur garbietakoak baino motelago mugitzen ziren. Era berean, amuarrain “jonkiei” ur garbietara ala kutsatuetara joateko aukera emanez gero, bigarrenetara jotzen zuten azkar asko; amuarrainen drogazaletasunaren seinale, ikertzaileen ustez. Ohartarazi dutenez, ondorio horiek bizirik irauteko arazoak eragin diezazkiekete amuarrainei.