Prakamotzak

nereaNerea Azurmendi

Joan-etorrian dabil udaberria. Gaur negu, bihar uda. Gaur berokiz, bihar mahuka-hutsik. Beti izan da udaberria formalidade gutxikoa, baina, arropa kontuetan, garai batean (ez dut gehiago zehaztuko), askoz ere lan eta hizpide gutxiago ematen zuen. Egutegiak esaten zuen, eguraldiak baino areago, noiz tokatzen zen neguko arropak gordetzea. Ahalik eta azkarren, ahalik eta gutxien hondatzeko, bai eta ahalik eta ondoen iristeko ere hurrengo hotzaldietara.
Sanjose-loreak iristeaz batera ezartzen zen janzkeraren gaineko diziplinaren biktima nagusiak haurrak ginen. Udaberriak ofizioz uxatzen zituen, berokiekin batera, leotardoak eta galtza luzeak. Neskek, gehienez ere, hanka-bernak hotzetik babesten genituen esporrekin (ez bilatu hitza hiztegietan: belaunerainoko galtzerdiak ziren esporrak). Maiz, ponpoi saltariak izaten zituzten josita alboetan. Mutilek ere erabiltzen zituzten esporrak, ponpoi gutxiagorekin, galtza motzekin batera.
Horra heldu nahi nuen, mutikoen prakamotzetara. Kirola egiteko edo uda betean ez bada, gaur egun mutiko bati galtza motzak jartzea pijokeriatzat jotzen dute askok (barka mikromatxismoa eta hitzaren trakeskeria, baina tarte labur honek ez du ├▒abardura askorako ematen). Niri, berriz, sustatu beharreko ohitura iruditzen zait. Zer da jasangarriagoa, haurrek maiztasun harrigarriz zulatzen dituzten praka luzeak botatzea eta berriak erostea, edo belaunak arinki urratzea? (Bi ohar: zauria larria bada, berdin izango da larria praka luzeak eramanda ere; konpontzaileok, ez hartu hitzok zuentzat).
Merkromina desagertu izanak urratuak ia ikusezin bilakatu dituenetik, interesa galdu dute zauriek, hori ere egia da. Garai batean (ez dut gehiago zehaztuko), gorriz tindatutako zaurien atzean zeuden istorio egiazko edo asmatuak harrotasunez kontatzeko bidea ere ematen zuten praka eta gona labur haiek. Hori ere, akabo... Ez al zaizue deigarria iruditzen gaur egun garai batean jende xumearena zen usadioari eusten dion bakarretakoa Ingalaterrako George printze txikia izatea, 8 urte bete arte prakamotzetan ibiltzera behartuta dagoena?