Izarak nobela kaleratu du Alberdania argitaletxeak, Goizane Aizpuruaren lehena. Emakume ahotsa ardatz, bizitzan hartutako erabakiak zalantzan jartzea izan du xede. Horretarako, hiru lagunen oporraldiaren eta bidaiaren osteko urtea kontatu du: bikote arrunta osatzen dute Anek eta Xabik, eta Elene adiskide mina dute. Portugalera doaz elkarrekin, baina ondorengo urtebetearen buruan ezerk ez du lehen bezala iraungo. Besteak beste, kolokan jarriko zaio Aneri bere identitatea, beti bizi nahi izan duen bizitzaren isla delako Elene. Hainbat gai jorratu ditu idazleak Aneren pertsonaiaren bidez, baina harremanen gaia da nagusi. Urtaroekin bat datozen lau ataletan banatuta dago kontakizuna, baina bada bosgarren bat ere: “Txuma Murugarrenen abesti batean oinarrituta, zerbait hobearen esperoan ematen dugun denbora”.

460malagon1

ANA MALAGON idazlearen hirugarren ipuin bildumak Ez dakit zertaz ari zaren (Elkar) izena du. Egileak inguru hurbilean jarri du begirada 15 narrazioetan ageri diren egoerak eta pertsonaiak deskribatzeko: guraso dibortziatu baten etxetik bestearenera dabilen nerabe nazkatua; ahizpa atxilotuaren kargu egitera doan klausurako moja; gaueko txanda eginda, ama zaharraren egoitzara doan autobus gidaria… Tragedia izatera iristen ez diren drama txikiak ironiaz eta garraztasunez kontatu ditu Malagonek.

460suarenfroga

SUAREN FROGA
Patri Urkizu
Erein, 2021

Istorioa Zerainen hasten da, han jaio baitzen Joanes Lopez Zeraingoa, 1488an. Granadan bukatu ziren haren egunak, 1530ean, Inkisizioaren sutan erreta, luterano kutsuko liburu batzuk idazteagatik. Autoreak, protagonistaren bizitzako egiazko gorabeherak ikertu ondoren, hainbat pasarte, enkontru eta solasaldi asmatu ditu irakurleari argiz eta ilunez betetako Errenazimentu garaian murgiltzen laguntzeko.

460eurizitalari

EURI ZITALARI ESKER
Itxaro Borda
Susa, 2021

Detektibe jardunetik erretreta hartzear da Amaia Ezpeldoi. Hala agindu dio Joana Garralda maitaleari, Atharratzera joango direla mendialdean bestelako bizialdia hastera. Alta, dei bat jasoko du ezustean: Maddiren ama da, atezuan, Landetara ezkondu zen alabaren berri aspalditik ez duelako izan. Pertsonaia sonatuarengana itzuli da Borda, keinu ugari eginez hizkuntzari, gure jendarteari, adiskidetasunari...