Etxebizitza kooperatiboak, banakako gelaxkatik abaraska kolektibora

abaraska

Gurasoen etxetik joateko beharra sumatzen dugunean, zalantza klasiko bati aurre egin behar izaten diogu: alokairuan bizi? “Bankuarekin ezkondu” eta hipoteka bat eskatu? Edo, akaso, okupazioa aukeratu? Bada, horiez gain, beste aukera bat ere bada, aurrekari sendoak ditu, eta Euskal Herrian gero eta ezagunagoa da: etxebizitza kooperatiboak. Zer dira, zehazki? Iban Lantxo.

Egun, habiatik alde egitea zaila da, oro har, baina are zailagoa Donostian. Arrazoiak aski ezagunak ditugu. Nahiko Arraizak (Urnieta, 1984), adibidez, lurzoruaren prezioa nabarmentzen du (Estatuko garestiena, Espainiako Sustapen Ministerioaren arabera). Iritzi berekoa da Mikaela Lamedica (Italia, 1986): “Alokairuaren eta erosketaren ikuspegitik, hemengo egoera oso bortitza da; etxebizitza eskuratzea ikaragarri gaitza da edonorentzat, ez bada gurasoengandik edo jasotzen”.
Besterik ez bada, bide berrietara jotzen dute askok, eta inspirazioa edozein tokitan aurki daiteke. Arraizak eta Lamedicak, esaterako, begiz jo zuten La Borda etxebizitza kooperatiba, 2014an Bartzelonan garatzen hasitako esperientzia. Arraizaren esanetan, “La Borda Estatu mailan era kooperatiboan eraikitako lehenengo etxebizitza multzoa da, hiri batean eta Udalak utzitako lur publikoarekin”. Egia da proiektuaren ezaugarriak oso bereziak direla (Sants auzoaren idiosinkrasia, leku fisikoa bera, Udalaren jarrera eta abar), baina Bartzelonan egingarria bada, zergatik ez Donostian?
Horrelako zerbait pentsatu zuten Arraizak eta Lamedicak, eta, beste hainbat pertsonarekin batera, Abaraska proiektua abiatu zuten. Hastapenak itxaropentsuak izan ziren: “Arazo bat dagoenean eta zerbait aldatu nahi duzunean, zure burua orrialde zuri baten aurrean ikusten duzu. Hamaika balizko gidalerro idatz daitezke; gure kasuan, etxebizitzaren arazoari irtenbide bat eman nahi horretan, erabaki genuen modu indibidualean baino, era kolektiboan jokatzea” dio Lamedicak. “Ez da soilik nola bizi nahi dugun guk, baizik eta zer-nolako komunitate, bizikidetza, gizarte eredu edo hiria nahi dugun, auzoari zer ekarpen egin ahal diogun”.
Gauzak horrela, bi ikasturte daramatzate beren ereduari etxebizitza kooperatiboaren forma ematen. Arraizaren arabera, “funtsean, kooperatiba bat da. Abaraska pertsona juridikoa da, eraiki nahi dugun etxebizitza multzoaren jabea. Bertan bizi nahi duenak sarrera eta hileroko kuota bat ordaindu beharko ditu; ordainetan, kooperatiba batek eskaintzen dituen babesa eta lasaitasuna jasoko ditu”. La Bordaren kasuan, sarrera 18.000 eurokoa da, eta kuotak 400-800 euro bitartekoak, bazkide bakoitzaren gela kopuruaren arabera. “Lurzoruaren lagapen publikoa lortuz gero, Donostian prezioak antzekoak izango direla uste dugu”.
Arkitektura malgua
Halere, egitura fisiko eta legal hori guztia proiektuaren “arkitektura gogorra” da; Abaraskaren berezitasuna, hain zuzen ere, bestelako zimenduetan dago. “Guk parte hartzaileen arteko harremanak landu nahi ditugu, etxebizitzaren arkitektura biguna, nolabait esateko” dio Lamedicak. “Zentzu horretan, eta leku fisikoaren aldetik, esparru pribatua minimizatu nahi genuke. Oinarrizko elementu batzuk beharrezkoak dira, noski, baina gure asmoa da gutxieneko horiekin espazio komunak irabaztea, gainerako bazkideekin eta auzokoekin konpartitzeko”. Arraizaren iritziz, “horrela, gainera, gizartean oso errotuta dauden hainbat eredu birpentsatuko ditugu, iraunkortasunarena eta familia nuklearrarena, kasu”.
Egun, proiektuan 60 bat lagun ari dira parte hartzen, eta, Arraizaren esanetan, “zenbat eta publikoago egin, orduan eta jende gehiagok parte hartu nahi du”. Gehienak gazteak dira, 25 urte ingurukoak (“azken batean, gazte garaian heltzen zaigu etxetik alde egiteko beharra”), baina 60 urtera bitarteko partaideak ere badaude. Bilera orokorrak bi asterik behin egiten dituzte, eta egiturak lantaldeen bidez funtzionatzen du. “Taldeak beharren arabera antolatzen ditugu; halere, batzuk nahiko finkoak dira: elkarbizitzakoa eta arkitekturakoak, barne eta kanporako komunikazio taldeak, ekonomiakoa, eta erakunde eta eragileekin biltzen direnak”.
Abaraskako kideek ongi dakite bidea oraindik oztopoz beterik egongo dela (Arraizaren aburuz, datorren ikasturterako ez badute lurzoruaren lagapena lortzen, “gauza asko birplanteatu” beharko dituzte), eta, beharbada, errazagoa litzatekeela beste udalerriren batean saiatzea. Dena den, Lamedicak dioen moduan, “Donostiatik kanpo, Abaraskak bere zentzua galduko luke. Proiektua hiri honetan txertatzeko apustua egin dugu, horrek dakarren guztiarekin; hau da, hiria denona dela sinetsi, eta eremuak irabazi behar ditugu”. Zentzu horretan, Arraizak zera dio: “Eztabaida hori mahai gainean jartzea inportantea iruditzen zaigu. Usadioak aldatuz doazen heinean, turismoa gero eta basatiagoa den honetan... Zer hiri mota nahi dugu? Zertarako erabiliko dugu espazioa? Zer-nolako sakontasuna izango dute gure arteko harremanek?”.
Auzi sakonak, zalantza barik. Haatik, ezin ahaztu abaraskak eraikitzea ez dela sekula erraza izan... ezta erleentzat eurentzat ere.

Errenteriako Udalaren ekimena: gazteentzako etxebizitza komunitarioak

Etxebizitza kooperatiboen hazia hedatuz doa, eta La Bordaren moduko proiektuen filosofia zabaltzen hasia da eragileen artean, baita erakundeetan ere. Aitzindarietako bat Errenteriako Udala da, abian duen gazteentzako etxebizitza komunitarioen proiektuarekin.
Herrian eginiko azken prozesu parte hartzailean, oso argi geratu zen emantzipazioa dela kezkarik handienetakoa gazteen artean”. Zalantzarik ez du Eñaut Gracia (Errenteria, 1978), herritarren parte hartzerako zinegotziak. “Udaletik zerbait egin behar genuen, baina zer? Merkatuaren logikari jarraiki jokatu? Edo egoera jabetzaren inguruan eztabaidatzeko baliatu?”. Bigarren bidetik jotzea erabaki zuten eta, Galtzaraborda auzoko eraikin zahar bat berritzearekin batera, prozesuaren bigarren zatiari ekin zioten errenteriarrek.
Ideia etxebizitza komunitario bat eraikitzean datza; hots, familia bakoitzak etxebizitza oso bat izan beharrean, espazioa gela pribatuen eta zonalde komunitarioen artean banatuko da. Parte hartzeko, alokairua ordaintzeaz gain (prezioa merkatukoa baino askoz txikiagoa litzateke), gazteek komunitatean ekintza sozialak egiteko prest agertu behar dute (adinekoak edo umeak zaindu, eskolak eman, etab.). Hil honetan, irailean, proiektuan izena emateko deialdia zabalduko du Udalak. Baldintzak dira herrian erroldatuta egotea eta 18-30 urte bitartean edukitzea. 30 bat lagunentzako lekua dago.
Alabaina, Graciak dio errealistak izan behar dutela: “30 pertsona oso gutxi izateaz gain, egitasmoren parte izateko denbora mugatuta dute. Honela ez dugu etxebizitzaren arazoa konponduko, ezta pentsatu ere”. Hala, esperientzia pilotu honek arrakasta edukiz gero, “auskalo! Agian, bestelako adin tarteei zabaltzeko aukera izan dezakegu, denbora gehiago eskaini... Egia esan, askotariko aukerak daude”.