BARCELONA ZUZENEAN 1987
Zarama
VPR Records 2021

Azken urteotan, 80ko hamarkadako talde batzuek beren betiko diskografia klasikoa nola zabaldu eta osatu den ikusi dute, zuzenean grabaturiko zenbait diskori esker. Vulpes, Eskorbuto, RIP eta beste batzuen kasua izan da, eta, orain, Zaramari iritsi zaio txanda. VPR Records zigiluak, iraganeko harribitxiak berreskuratzen adituak (adibidez, hark eman zituen argitara, biniloan, Baldin Bada, Vomito eta Potrotainoren maketak) plazaratu du disko hau, Zaramak Bartzelonan 1987ko urtarrilaren 17an eman zuen kontzertua jasotzen duena. Soinua balekoa da, abestien zerrenda lehenengo bi diskoetako kantek osatzen dute, urte hartan argitaraturiko Dena ongi dabil diskoko abesti batzuk aurreratzen dituzten arren, eta, oro har, lanak ondo jaso du Santurtziko taldearen garai hartako proposamena.