Literaktum: literatura haur, gazte eta helduentzat

ilustratu

Donostiako 18. Literaktum jaialdia azaroaren 13tik 24ra izango da aurten. Besteak beste, literatura eta gazteak izango ditu hizpide, bi solasalditan: azaroaren 19an, idazle gazteen gaur egungo kezkez, helburuez, estiloaz... mintzatuko dira Estibaliz Martinez eta Peru Iparragirre idazle gazteak. 20an, berriz, gazteak irakurtzera nola zaletu hausnartuko dute Imanol Epelde irakasle eta blogariak, Maialen Berasategi kazetariak eta Larraitz Idarreta liburuzainak, Uxue Alberdi idazlearekin batera. Bestalde, Eider Rodriguezek Katixa Agirre elkarrizketatuko du, azaroaren 14an, gasteiztarrak kaleratu berri duen liburuaz (Amek ez dute idazten, Elkar) mintzatzeko. Horiez gain, Pio Barojari buruzko literatur ibilbidea osatuko dute, 24an, Josemari Carrere, Anartz Zuazua eta Tanya de la Cruz aktoreek; eta haurrentzako ekitaldiak ere antolatu dira, Literaktum Txikiaren barruan. Informazio gehiago www.literaktum.eus webgunean aurki daiteke.


gotzonHITZEN AHAIREA liburua kaleratu du Gotzon Barandiaranek, Susa argitaletxearekin. Egileak kantagintzaren inguruan egindako gogoetak ageri dira bertan, baina ez ditu edozelako kantuak aztertu, idazleek idatzitako hitzekin sortuak baizik, literaturak eta musikak elkar hartuta onduak, alegia. Zein harreman du kantatzen dugunak gure izaerarekin? Zenbateko eragina du entzuten dugunak gure diskurtsoan? Zein dira gure erreferenteak? Zergatik irauten dute kantu batzuek gure gogoan betiko? Inork kantatu ote dio bere hizkuntzari euskaldunok euskarari baino gehiago? Galdera horien eta gehiagoren gainean dihardu Barandiaranek. Liburuaren soinu banda ere jarri dute argitaletxearen webgunean (www.susa-literatura.eus): 140 abestiren 227 bertsio.

bidaiaBIDAIA LUZEA
Daniel Hernandez Chambers
Ilustrazioak: Federico Delicado
Pamiela, 2018

Aldi berean gertatzen dira bi bidaiak, eta gertakizunak tartekatu egiten dira istorioan: antzara ama hegoaldeko lur epelerantz doa hegan bere txitekin, hotzetik ihesi; bitartean, giza familia batek ihesari ekin dio gerran dagoen herrialde batetik iparralderantz. Lan egokia errefuxiatuen dramaz hausnartzeko, itxaropena pizteko eta aske bizitzeko eskubidea duten milioika laguni elkartasuna adierazteko. Luigi Anselmik itzuli du euskarara.

ekaitzaEKAITZA URRUN
Joanes Urkixo
Erein, 2018

1936ko irailean, Bilboko hainbat eskuindar, falangista eta monarkikori ihes egiten lagundu ostean, Austrian jaiotako negozio gizon eta kontsul ohi Wilhelm Wakoniggek espioi sare bat osatuko du, Bilbo inguruko babesari eta biartekoei buruzko informazioa frankistei helarazteko. Bitartean, Gabino gazte galdakoztarra euskal polizia berrian sartuko da, eta, Getxoko Nazioarteko Eremuan, Wakoniggen lagunen joan-etorriak eta asmoak eragozten saiatuko da.