Garazi Arrula Ruiz

arrulaAzkenaldian irakurritakoen artean, gozatu ederra eman eta pentsarazi didaten hiru liburu aipatu nahi ditut. Lehenik, Mari-mutil handi baten bluesa (Katakrak, 2018), Leslie Feinberg-ek idatzia eta Fermin Zabaltzak euskaratua. New York estatuan gertatzen da, 60ko eta 70eko hamarkadetan bereziki. Eleberriaren ardatza genero identitatearen bilaketa da, Jess Goldberg gaztearen eta ingurukoen bidez kontatua. Askapen borrokaren hastapenak eta langile mugimenduaren sareak xeheki deskribatzen dizkigu. Bigarrenik, Svetlana Aleksievitxen Gerrak ez du emakume aurpegirik (Elkar, 2017) kronika dokumentala, Iker Santxok itzulia. II. Mundu Gerran parte hartu zuten emakume sobietarren ahotsa jaso eta gaien arabera antolatu ditu autoreak, ehun lekukotza baino gehiago bildu ostean. Medikuak, zama-andreak, frankotiratzaileak… izan ziren, eta gizonek bizi izan zuten gerraz gain, beste hainbat gerrari aurre egin behar izan zioten, baita garaipenaren ostean ere. Azkenik, Mecanografiak ipuin antologia, Txalapartak berriki kaleratua. Harkaitz Canok idatzitako dozena bat ipuinen artean, Irati Jimenezek hainbat genero eta iturritako narrazioak bildu ditu, zaleon gozamenerako.