Ostabe taldea, basoan barrena

ostabe

Basoan barrena ez, baina Bizkaian barrena dabil Ostabe taldea ekainean kaleratutako lehenengo diskoa (Basoan barrena) aurkezten. Udaberrian grabatu zuten, Chromaticity Studios-en, Pedro J. Mongeren ardurapean. Diskoa punk-rock erako hamaika abestik eta sarrera kanta batek osatzen dute, guztiak ere metal, grunge edota rock and roll musika mugimenduekin nahasirik. Sodupe (Bizkaia) inguruan sortu zen taldea, 2015eko udan, punk-rock generoan oinarritutako musika egiteko asmoz, besteak beste La Polla Records, Eskorbuto, Marea eta Su Ta Gar taldeen zaleak izanda. Taldea eratu, eta hilabetera eskaini zuten lehen kontzertua. Nahiz eta hasiera batean emanaldietan Kortatu, Iheskide, Kaos Etiliko taldeen eta antzekoen bertsioak izan nagusi, pixkanaka taldeak berak egindako kantak sartzen hasi ziren, eta horrela osatu dute aurten argitaratutako lana.


ehsonaEH SONA jaialdiaren 21. edizioa azaroaren 9tik abenduaren 14ra bitartean egingo da. Bartzelonako jaialdian, hauek hartuko dute parte aurten: Zizel, Willis Drummond (Smoking Souls taldearekin), Aneguria (Lilit i Dionis taldearekin), Kepa Junkera, Su ta Gar, Glaukoma, Liher eta Doctor Deseo. Euskal Herritik kanpo euskal musikaren inguruan egiten den jaialdirik garrantzitsuenean, argazkilaritza tailerra ere izango da, kontzertuetan argazkiak ateratzen ikasteko, Ikor Kotxen (Aneguria eta Lilit i Dionisen kontzertuan), Igotz Ziarretaren (Su Ta Garren emanaldian) eta Eider Iturriagaren (Glaukomaren kontzertuan) gidaritzapean. Haurrentzako emanaldia ere egongo da, azaroaren 23an, 2 Princesesbarbudes taldearen eskutik. Informazio gehiago www.ehsona.cat webgunean dago.

 

 

 

 

dekotDEMAK
Dekot
Autoekoizpena, 2018

Taldearen estreinako lan luzea da hau, pop-rock dantzagarria. Hamar abestiz osatutako diskoa Haritz Harreguyrekin grabatu dute, duela bi urte Gaztea Maketa lehiaketaren 25. edizioan garaile izan eta geroztik sorturiko kantuekin. Aldaketa handiak ezagutu ditu taldeak denbora tarte horretan: lehen ingelesez abesten zuten, orain euskaraz; lehen bi mutil eta bi neska ziren, orain hiru mutil... Hala eta guztiz ere, lortu dute taldearen esentziari eustea. Gaur egun, Ibai Ayerzak (ahotsa eta gitarrak), Jon Corresek (baxua) eta Ibon Agirrek (bateria) osatzen dute Dekot.

leokINFINITUARI SEGIKA
Leok’k
Autoekoizpena, 2018

Leok’k-en hirugarren diskoa talde zestoarraren 50. urtebetetzea ospatzera dator. Horrez gain, hamar abestiz osatutako argitalpenak badu beste helburu bat ere: SENB erakundeari (Saharako Emakumeen Nazio Batasuna) diruz laguntzea. 1968an, herrian sortutako lehen rock taldea izan zen Leok’k, frankismoa bete-betean zenean, eta, hala, euskal kantagintzaren aldeko aletxoa jarri zuen. XXI. mendean, Saemel (2006) eta Une bat... (2010) lanak grabatu dituzte, Saharako herriari eta, bereziki, emakumeei laguntasuna, elkartasuna eta sostengua eskaintzeko.