Smallfoot

yeti

Zuzendariak: Karey Kirkpatrick eta Jason Reisig. Gidoia: Karey Kirkpatrick, Clare Sera, John Requa, Glenn Ficarra (Sergio Pablosen Yeti Tracks istorioan oinarritua). Animazioa. AEB, 2018

Istorioa: Mendi garai batean, yeti edo bigfoot-en herrixka bat dago. Lan egitea eta lasai bizitzea dute helburu, eta, horregatik, ia ez dira herrixkatik ateratzen, gizakiren bat, “ointxikiren” bat, topatuko duten beldurrez. Egun batean, ordea, yeti gazte batek “ointxiki” bat ikusiko du, eta hankaz gora ipiniko du komunitate osoaren bizimodua.
Hizkuntza: Tantaka ikus ditzakete haurrek filmak euskaraz zineman. Askok askotan salaturiko gabezia, euskaraz bizi nahi duenak ia astero sufritzen duena ikuskizunen sailari erreparatzean. Zinema Euskaraz programari esker, tarteka iristen zaizkigu euskaratutako zenbait film. Ale bakanak, biziki eskertzen direnak, nahikoak izan ez arren.
Onena: Haurrentzako izan arren, familia osoak ikusteko modukoa da. Txukuna eta dibertigarria. Gainera, bizi ditugun garaiotan aintzat hartzeko mezua du, beldurrean oinarritutako sinesmen, mundu ikuskera eta egitura sozial eta politikoei kritika egiten baitie.
Txarrena: Balekoa da, baina ez espero lan gogoangarririk. Haurrentzako animazio lan askotan gertatzen den moduan, abestiak ditu tartekatuak. Kasu honetan, filmari bizitasuna eman baino, kendu egiten diote.
Eñaut Mitxelena