'Edonork ez luke', emazte gazte biren opera prima

errodajea

Zortzi urteren ondoren, Hegoa (Maika Etxekopar) amaren (Bernadette Irazoki Luro) etxera bueltatuko da, Hendaiara. Ez da erraza izango hainbeste denboran askatutako hariari jarraitzea. Amak eskuak aldatu zaizkiola aitortuko dio alabari. Hau Xare (Amaia Irazabal) lagunarekin mintzatuko da haren zaintzaz. M. Egimendi.

Hamabost minutuko film laburra ondu dute Ainhoa Olasok (Durango, 1996) eta Enara Gartziak (Leioa, 1996), Dardara Sorkuntza Lantegiaren lehen egitasmoa. Eider Rodriguezen Bihotz handiegia liburuko ipuin batean oinarritu dira Edonork ez luke filma osatzeko.
Pelikula Ikus-entzunezko Komunikazioko Gradu amaierako haien lanetik dator, EHUko Bea Narbaiza eta Andoni Iturbe irakasleen gidaritzapean egina. Hain zuzen ere, Narbaizak proposatu zien abiapuntu aipatutako liburua hartzea. “Lehendik ezagutzen genuen, baina tarte bat hartu genuen berriro irakurtzeko, eta biok aukeratu genuen Ez duzu ezer arraroa antzematen? kontakizuna. Zorionez, guk memento honetan ez daukagu inor zaindu beharrik, baina gure artean askotan hitz egin dugu gai horretaz, inguruan sarri ikusten dugulako”.
Idazleak “askatasun osoa” eman zien nahi zutena egiteko: “Filma gustatu zaio... Tira, zer esango du, bada? Kar-kar! Egia esan, ipuin horretan oinarrituta dago, baina beste istorio bat da, gaia eta elkarrizketak oso antzekoak izan arren. Gure aldaketak gustatu zaizkiola azpimarratu du. Izenburua, berriz, Mari Luz Estebanen Amaren heriotzak libreago egin ninduen liburutik hartu dugu”.
Hiru aktoreren laguntza izan dute egitasmoan: “Maika Etxekopar 20. Korrikarako egindako BatZuk-Euskararen lau aurpegi dokumentalean ikusi genuen, eta lagunen bidez lortu genuen berarekin harremanetan jartzea. Gero, Maikak berak eman zigun Bernadetteren berri. Izan ere, Iparraldeko emakume bat behar genuen, hizkeragatik eta istorioa Hendaian gertatzen delako. Maikak antzerki taldetik ezagutzen zuen, eta konfiantza osoz utzi genion harengana jotzeko lana. Bestalde, Xareren rolerako Hego Euskal Herriko emakume bat nahi genuenez, Amaiari eskatu, eta segituan esan zigun baietz. Oso zorte ona eduki dugu zentzu horretan, denek oso erraz onartu baitzuten gure proposamena. Gainera, kobratu gabe egin zuten lana, bazekitelako zein zen egoera”.
Izan ere, Itsulapikoa.eus plataformaren bidez lortu dute finantzaketa, 1.045 €: “Aurrekontua eginda, 500 € aurreikusten genituen filmaketako gastuak ordaintzeko, eta gainerakoa erabiliko dugu parte hartu dutenei oparitxo bat egiteko edota etorkizunean etor daitezkeen gastuei aurre egiteko. Adibidez, orain filma jaialdietara eta lehiaketetara bidaltzen ari gara, eta horretarako ere dirua behar da”. 5-10 € eta 50 € bitarteko ekarpenak eskuratu dituzte gehienbat, eta dirua utzi duten guztien izen-abizenak jarri dituzte kredituetan, eskerrak emateko. Hiruzpalau egunetan egin zuten filmaketa, Hendaian eta Irunen, pasa den martxoan.
Eta orain, zer?
Durangoko Plateruena Kafe Antzokian aurkeztu zuten lana, urriaren 5ean. Harrera bikaina izan zuen: “Oso pozik eta hunkituta atera ginen; eskerrak eman nahi dizkiegu hara joan ziren guztiei”. Are gehiago, bertan sortu zitzaizkien filma zabaltzeko proposamen gehiago: “Oraindik data zehatzik ez badago ere, Arteako kultur etxean, eskolaren batean, Algortako Bilgune Feministak abenduan antolatuko dituen zaintzaren inguruko jardunaldietan, agian Iparraldean ere bai...”.
Oraingoz, ez dute beste proiektu zehatzik, baina “ziurra” da filmak egiten jarraituko dutela, zinemaren harra barruan dutelako. Ikus-entzunezko Komunikazioko Gradua amaituta, zinemaren arloan sakondu nahi dute: Gartzia Bilboko Zinema Eskolan hasi da ikasten; Olaso, berriz, Donostiako Larrotxene Bideo Zentroan. Etorkizunean kanpora joatea ere ez dute baztertzen, ikasten jarraitzeko. Hastapenetan dauden arren, uste dute emakume zinemagileen belaunaldi berria datorrela: “Gradu ikasketetan, ikasle gehienak emakumeak izan gara, eta Zinema Eskolan ere bai. Hori bai, oraindik ere gizonezkoak dira irakasle gehienak, eta ikasle gizonezkoek, nahiz eta gutxiago izan, protagonismo handiagoa dute ikasgelan”. Hori aldatzea lortuko ahal du belaunaldi berri honek!

Euskadi Literatura Saria irabazi berri du Eider Rodriguezen Bihotz handiegia (Susa) ipuin bildumak, Euskarazko Literatura modalitatean. Asier Serranok, Itxaro Bordak, Jon Kortazarrek, Pello Otxotekok eta Castillo Suarezek osatutako epaimahaiak deritzopertsonaia arrunt eta konplexuen izaera eta horien barne mundua aztertzen duen narrazio liburu interesgarria” dela. Halaber, azpimarratu du idazleak “argi ilunekin” jolasten duela, “goi mailako literatura oparituz betiere”.
Olasok eta Gartziak sar­ia irabaziko zuela jakin aurretik hautatu zuten liburua beren lana sortzeko abiapuntu, Edonork ez luke film laburra Rodriguezen ipuin bildumako azken kontakizunean oinarritzen baita, Ez duzu ezer arraroa antzematen? izenekoan, hain zuzen ere: “Oso indartsua iruditu zitzaigun, atentzioa eman zigun bertan azaltzen den gorputz aldaketak”.
Eider Rodriguezek Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria ere irabazi du aurten.