Oaxacako azken hitzak

hilarino

Chontecomatlan herriak laurehun biztanle ditu, eta don Hilarinok baino ez dauka sakelako telefonoa. Ezin da inorekin komunikatu, seinalea ez delako iristen mendi hauetaraino, baina etengabe hitz egiten du telefonoa eskuan duela. Ander Izagirre | @anderiza

 

Pantaila zuhaitz batera bideratu du, grabatzen hasi da, eta hitz batzuk bota ditu:
-Ijltaa a ek guishanajl (Hau ahuakateondoa da).
Etxe bat grabatu du ondoren.
-Ijltaa ley nejujlk (Hau nire etxea da).
Herrian aurrera jarraitu du.
-Ijltaa lane ajlbae jlijuala gahi (Bide hau hurrengo herriraino doa).
Don Hilarino Torres Mendoza (56 urteko nekazaria, lastozko kapela, bizar urdintzen hasia) Oaxacako txontal hizkuntzako esaldiak grabatzen ari da. Mexikon erabiltzen diren 68 hizkuntzetako bat da txontala, beste asko bezala desagertzeko zorian dagoena: 3.500 hiztun bakarrik dauzka, gehienak 50 urtetik gorakoak, eta mendietan sakabanatuta bizi dira.
”Gizon hau harrigarria da”, dio Salvador Galindok, Oaxacako Hizkuntza Indigenen Garapenerako Erakundeko adituak. “Zenbait herritan, mesfidantzaz hartzen gaituzte, testigantzak jasotzera eta hizkuntzak suspertzeko planak proposatzera iristen garenean. Don Hilarino, ordea, berehala etorri zitzaigun, gure bisitak asko pozten zuela esatera eta bideo mordoa erakustera”.
Arazo bat zegoen, baina.
”Ez da ondo moldatzen telefonoarekin. Bideo bat erakusten zigunean, gero ezabatu egiten zuen, nahi gabe. Zenbat informazio galdu ote duen, okerreko botoia sakatzen duelako edo telefonoan memoria nahikorik ez daukalako!”.
Don Hilarinok, txikitan, bere hizkuntzaren zapalketa sistematikoa jasan zuen: “Zer gertatzen zen garai hartan? Bada, irakasleek debekatu egiten zizutela txontalez hitz egitea, eta umeok isilik gelditzen ginen. Nik gaztelania ikasi nuen, baina txontala ez nuen ahaztu; oraingo umeek, aldiz, ez dakite, eta Gobernuak ez du laguntzarik bidaltzen hizkuntza salbatzeko”.
Galindok ahal duena egiten du. Zapotekoa da, 45 urte dauzka, aurpegi zabala, ile beltz nahasia, irribarre tarteka malenkoniatsua eta tarteka ironikoa. Urtero, milaka kilometro egiten ditu autoz, herri isolatuenak bisitatzeko. Oaxacako mendi eta oihanek kultur aniztasun harrigarria gordetzen dute: hamezortzi talde etniko daude (zapotekoak, trikiak, mixeak, txinantekoak...), hamabost hizkuntza indigena erabiltzen dituztenak, dozenaka dialektotan. Iaz, disko konpaktuak banatu zituen herriz herri: 1967an Paul Turner hizkuntzalari estatubatuarrak txontal hiztunei egindako grabazioak. Atzerakada galanta gertatu dela ikusi zuen. Egun, oso jende gutxi da gai mende erdi lehenagoko galderei txontalez erantzuteko.
”Hizkuntza berrindartu behar dugu, bai” dio don Hilarinok. “Dena den, nik uste dut desagertu egingo dela, eta horrexegatik jasotzen dut telefonoan: gure hitzak nonbait gorde daitezen”.
Zapotekoen altxorra
Beste bost ordu behar izan ditugu autoan, Sierra Juarezko errepide sigi-sagatsuetan gora eta behera, Yazatchi herrixkara iristeko, zapotekoen eskualdean.
“Herri fantasma da” esan dit Galindok. Eta herri horretan bere ama bizi dela.
Gizon zahar bat ikusi dugu Yatzachiko bideetan, beste inor ez. 150 biztanle inguru omen daude orain, gehienek emigratu egin zutelako. Yatzachiko jende gehiago bizi da Los Angelesko (AEB) auzo batean Yatzachin bertan baino.
Zutik jarraitzen duten adobezko etxe bakanetako batean bizi da Salvadorren ama: Rebeca Llaguno, 60 urteko maistra erretiratua, emakume txikia, bizia, ile urdin luzea motots batean lotuta daramana.
“Kalean norbait ikusten dudanean, asko pozten naiz“ dio. “Oraindik badago jendea herrian! Nik ez dut hirira alde egin nahi”.
Sukaldean eseri gaitu Salvador eta biok. Marakuia ura eman, eta artozko tortillak, babarrunak eta gazta prestatzen hasi da.
-Zertan ematen dituzu egunak?
-Oiloak dauzkat, belar txarrak kentzen ditut, kalera irten ezin diren auzotarrak bisitatzera joaten naiz. Asteartero, saltzaile bat etortzen da herrira; fruta, barazkiak, kafea eta horrelakoak ekartzen dizkigu.
Oaxacako herri indigenetan maistra izan zen Rebeca. Errepiderik, argindarrik eta urik gabeko eskualdeetan umeak eskolara biluzik joaten zireneko garaiak ditu gogoan, ustez idatzi ezin zen hizkuntza batean eskolak ematen zituenekoak.
Tortillak mahaira ekarri dizkigu, eta logelara sartu da azkar. Opari bat ekarri dit: 1985eko liburutxo horizta bat. Beste lau irakasle eta hizkuntzalarirekin batera Rebecak egindako alfabeto eta eskuliburu zapotekoa da, idazketa bateratuaren oinarria.
Rebeca umea zenean, maisuek zigorra ezartzen zieten zapotekoz hitz egiten zuten ikasleei.
“Berrogeita hamar zentaboko isuna ordaindu behar genuen: gure aitak egunean irabazten zuen jornala. Kalean maisuren bat ikustean, korrika ihes egiten genion, badaezpada. Gaztelaniaz egiten zigutenean, ikaratuta gelditzen ginen, mutu. Halaxe geratu ginen denok mutu, pixkanaka”.
Baina ez denak. Agur esateko orduan, Rebecak eskatu dit alfabetoa eramateko eta, mesedez, jendeari erakusteko.