Bost izarreko elkartasuna

plaza

Aztarna gutxi mintzo dira, egun, City Plaza (Atenas, Grezia) hotelaren iraganaz. Garai batean luxuzko hotela izan zena, hiriaren bihotzean bertan, errefuxiatu eta migratzaileen babeslekua da egun. Autogestioan oinarritzen da hotela, eta errefuxiatuek eta boluntarioek elkarlanean kudeatzen dute. Europako hotelik hoberena dela diote, eta AIZU! aldizkaria bertan izan da. Arkaitz Almortza. Argazkiak: City Plaza.

Zazpi urte eman ditu mutu Atenasko City Plaza hotelak, ahanzturaren sastraken artean gatibu, etorkizunerako inolako itxaropenik gabe. Eraikinak 60ko hamarraldian zabaldu zituen ateak. Luxuzko hotela izan zen, esan bezala, eta goi mailako bisitariak hartzen zituen. 2004an, Atenasko Joko Olinpikoen karietara, eraikina zaharberritu egin zuten, baina, handik gutxira herrialdea bortizki kolpatu zuen krisi ekonomikoaren ondorioz, 2009an betiko itxi zituen ateak.
Eraikina betiko loaldian erortzeko zorian geratu zen, langile ohien eta jabearen arteko ika-miken artean. 2016ko apirilaren 22an, ordea, itxaropenari eta duintasunari zabaldu zizkien ateak. Izan ere, tenore hartan, Europako Batasunak eta Turkiak sinatu zuten itunaren ostean, mugak itxi zituzten, eta, ondorioz, gerratik, miseriatik… ihesi ari ziren milaka lagun preso geratu ziren Greziako lurretan. Hala, errefuxiatu eta migratzaile asko Atenasen geratu ziren, kale gorrian. Miguel Carvajal boluntarioak urte eta erdi darama proiektuan lanean, eta zera dio: “Egoera gogor horren aurrean, hotela okupatzea erabaki zuten orduko aktibista greziarrek”.
City Plaza hotela proiektuak elkarlana eta auzolana ditu oinarri. Eginaren eginez, eta erresistentziaren itzalean, 2 urte eta erdi daramatza errefuxiatuak eta migratzaileak aterpetzen: “Gauzak beste modu batean egin daitezkeela erakutsi dugu, elkarri lagunduz eta autoantolakuntzari helduz bidaian lapurtu dieten duintasuna leheneratzen saiatzen gara” nabarmendu du. Iritzi guztiak dira ongi etorriak; finean, proiektua demokratikoa da, eta edonork parte har dezake egiten dituzten antolakuntza batzarretan.
Elkar hartuta, bertan daudenak egunero eraikitzen ari dira hotela. Egongela nagusian, tabernan, lan banaketa egiteko taulak daude, non boluntarioek eta migratzaileek izena ematen duten lan egiteko (besteak beste, taberna, sukaldea, garbiketa edo segurtasuna). “Oso garrantzitsua, proiektuak aurrera egin dezan, nork bere harri-koskorra ekartzea, bai errefuxiatuek bai boluntarioek” azpimarratu du. Eguneroko ekintzak egiteaz gain, beste gune batzuetan ere aritzen dira: haurren eremua, emakumeen txokoa, zinema... Astero, mediku baten bisita izaten dute, oinarrizko arreta jasotzeko. Hirian antolatzen diren errefuxiatuen aldeko mobilizazioetan ere parte hartzen dute.
Motxiladun apopiloak
Sukaldeko txandatik atera berri da Mufa siriarra (60 urte). Urte eta erdi darama hotelean emaztearekin batera, eta, nahiz eta gorabeherak izan, beti izaten du ahoan irribarre goxoa. Gainerako errefuxiatuek berak prestaturiko menuarengatik zoriontzen dutenean, begiek dir-dir egiten diote. Atsegin handiz parte hartu du elkarrizketan. Bere burua aurkeztu duenean, hunkitu egin da, herriminak hartu du. Siriako Alepo hirian bizi zen, baina, sortzez, Turkiatik hurbileko hiri batekoa da. “Autobus gidaria nintzen. Gerra hasi zenean, egunero botatzen zituzten bonbak… eta oso zaila zen bertan bizitzea” azaldu du. Orduan, semea Londresera bidali zuen, han baitzituen Mufak anaia biak. Gerora, Turkian eta Austrian egon ostean, aitak semearekin elkartzeko azken bidaia egin behar zuenean, Austriako aireportutik Greziara deportatu zuten. “Oso bizimodu latza izaten ari da, hemen ez dago inolako aukerarik, baina ez dut etsiko” azpimarratu du. Itxaropena omen da galtzen azkenekoa, eta biharko egunean semea berriro besarkatzea du amets. 
Egoera latz horri aurre egiteko, hotelak txoko bat eskaini dio Mufari. “Orain arte, ez dut inoren laguntzarik izan, City Plazarena baino ez. Oso ongi nago hemen, familia handia osatzen dugu guztion artean”. Irribarretsu jasotzen ditu sukaldean prestatutakoagatik ematen dizkioten zorion mezuak. “Atsegin handiz parte hartzen dut proiektuan”.
Aniztasunaren 11 kolorek margotzen dituzte hoteleko 7 solairuak. Une honetan, 250 lagun inguru bizi dira eraikinean (uneren batean, 400 lagun ere izan dira), 16 bat nazionalitate daude, eta, orotara, 12 hizkuntza hitz egiten dira. Askotariko kideko familia osatzen dute, aberatsa, eta elkarrekin bizitzen ikasi dute. “Oso jende ezberdina gauden arren, guztiok dugu xede bera: etorkizun oparoagoa izatea” dio sukaldari siriarrak. “Horregatik, arren, mugak zabaltzeko aldarrikatzen dugu; gerra amaituko balitz, bihar bertan izango nintzateke Sirian”.
Lehen goi mailako turistak ibiltzen ziren korridoreetan, goi mailako superheroiak bizi dira orain. Gerratik eta miseriatik ihesi, bidaia gogor eta ahaztezinaren ostean, irribarrez eta algarez betetzen dituzte haurrek hoteleko pasabideak. Albo batean, Karime ama gaztea, 30 urtekoa, dago eserita. Bere bi semeak jolasean dabiltza, gainerako haurrekin batera, eta etengabe dago haiei so, irribarretsu. “Emakume indartsua naiz” hasi du elkarrizketa. Sustraiak Afganistanen baditu ere, bizitza osoa Iranen eman du. “16 urterekin ezkondu ninduten, eta 19rekin izan nuen lehenengo semea” (12 urte ditu orain; bigarrenak, berriz, 6 urte).
2016an iritsi zen Greziara familia osoarekin. Bi hilabete eman zituen Elliniko kanpalekuan. “Oso baldintza gogorretan bizi nintzen, kanpaleku barruan bortxaketak egoten ziren, erasoak, eta ez nuen begirik biltzen; beldur nintzen”. Azkenean, City Plazara joan ziren. “Hau nire bigarren etxea da, hemen logela bat dut, niretzat eta semeentzat; une onak eta txarrak elkarrekin bizi ditugu”.
Egun, senarra Alemanian du. “Niregatik etorri ginen Europara. Iranera eraman nahi ninduen bueltan, baina nik ez nuen nahi”. Senarra, azkenean, gaixotu egin zen. “Arazo psikologikoak izaten hasi zen. Oso gogorra izan zen, baina, azkenean, Alemaniara iristea lortu zuen, eta han osatuko da; gerora, familia berriz batzea eskatuko dugu, semeek aitarekin egon nahi baitute”. Bien bitartean, bi semeak bakarrik ari da hezten. “Hasieran, gaizki pasatu nuen, baina, azkenean, indarra hartu, eta ingelesa ikasten hasi nintzen, semeak aurrera ateratzeko”. Orain, erakunde batean ari da lanean, eta duela bi urte hasi zuten bidaia amaitzea da egunero ohetik jaikitzeko indarra ematen dion ametsa. 
Hoteleko tabernan (alkohola eta drogak debekaturik daude eraikin osoan) elkartzen dira boluntarioak eta errefuxiatuak mahai jokoetan egiteko, musika entzuteko eta lagunekin hitz egiteko. Zigarro bat eskuan, gainerako kideekin mintzatzen ari da Deniz (24 urte). Indartsu dago, ilusioz beterik, denbora gutxi baitarama City Plazan. Kurdua da, Turkiako eremuan dagoen hiri batekoa. “Irakasle ikasketak egin nituen; Unibertsitatera joan nintzenean, gure herriaren aldeko mugimenduetan parte hartzen hasi nintzen; horregatik, 20 hilez preso egon nintzen”. Ondoren, gero eta egoera okerragoan zegoen, gero eta jazarpen handiagoa pairatzen baitzuen; azkenean, alde egitea erabaki zuen. Kartzela edo ihes egitea, horiek zituen aukeran.
Une honetan, Atenasen dago, baina bere bidaia hasi baino ez da egin. “Nire ahalegin guztiak hemendik ateratzera bideratuta daude”. Bien bitartean, Kurdistango gainerako kideekin elkartzen da egunez: “Hemen egoteak ez du esan nahi gure borroka amaitu denik, hemen ere gure herriaren alde lan egiten dugu”. 
Europan denbora gutxi daraman arren, azalean sufritu ditu Batasuneko politikak. “Hemen dagoen jendea egoera batek behartuta eta bultzatuta etorri da, ez gizarte laguntzen bila. Europak egin beharko lukeena da eskuak gerratik edo Ekialde Hurbileko gatazketatik atera. Atzera begiratu besterik ez du. Orain bizi dugun egoera Europak pairatu zuen iraganean; bada, zerbait ikasi badu, atera dadila egungo gatazketatik” aldarrikatu du.  
City Plaza hotelak ateak zabaldu dizkio, oraindik bere tokia bilatzen ari da: “Hemen ikusi dut hainbat erlijio eta jatorritako jendea elkarrekin bizi dela. Horrek adierazten du gure borrokak arrakasta izan dezakeela. Izan ere, modu politikoan City Plazan posible bada, zergatik ez Kurdistango eskualde autonomo batean?”.  (Atenasen jaso genuen Denizen testigantza; baina handik zenbait astera jakin dugu jada Alemaniara iritsi dela).
Gaua iritsi da, eta poliki-poliki errefuxiatuak eta boluntarioak badoaz ohera. Beste egun batez, erresistentziak eta aktibismoak irabazi dute. Alabaina, egun hauetariko batean, hotelak ateak itxiko ditu. “Okupatutako guneak beti izaten dira behin-behinekoak. Gure proiektuaren kasuan, gainera, ez dago lekuko aldaketarik Greziako aktibisten aldetik, batetik, eta hotela pixkanaka hondatzen ari da, bestetik” dio Miguel Carvajal boluntarioak. Hori dela eta, City Plaza poliki-poliki husten ari dira. “Ez dugu itxiko errefuxiatu guztiek etxe duina izan arte”.
Proiektu hau amaierara iristen ari bada ere, hurrengoa laster jarriko dute abian, Atenasera iristen diren errefuxiatuek eta migratzaileek lapurtu dieten duintasuna berreskura dezaten. Izan ere, Berri Txarrak musika taldeak abesten duen bezala, “herriak bakarrik salba dezake herria”.