Guztiona eta noranahikoa

 Euskaltzaindiak bere XVII. biltzarra egin zuen, Arantzazun, joan den hilean: nazioarteko jardunaldia antolatuta, euskara batuaren 50. urteurrena ospatu zuen. Izan ere, akademiak Arantzazun bertan eskaini zituen, baina 1968ko batzarrean, hizkuntza idatziaren batasunerako oinarrizko arauak. Horrela eman zion bide euskara batuaren sorrerari. Jaiotza ofizial haren aurretik, ordea, eginak ziren hainbat urrats, besteak beste, Txillardegiren eta beste zenbait aditu eta idazleren eskutik. Ondoren, Koldo Mitxelenak gidaritza hartzeko Euskaltzaindiaren mandatua onartu, eta euskara batua sortzeko lanari ekin zion, haren beharraz jakitun ziren beste hainbaten laguntzarekin (Aita Villasante eta beste). Batuaren jaiotza polemikoa izan zen oso, H letraren auzia izan zen sonatuenetakoa, eta, tarteka-marteka, oraindik ere sortzen da bat edo beste. Haatik, noranahiko hizkuntza egitea izan zuten helburu Arantzazun duela 50 urte. Bada, oraindik zeregina badagoela aitortuta ere, gaur egun badugu nonahi ibiltzeko balio digun hizkuntza estandarra, bizia eta biziarazten gaituena. Gaiaz asko dakiten hiru lagunekin hitz egin dugu, batuaren sorrera eta garapena nola gertatu ziren ezagutzeko, eta euskara batuaren eta euskaldunon gaur egungo erronkak aztertzeko. Eñaut Mitxelena, M. Egimendi.

 

torrealdai“Batuaren arrakastak salbatu du euskal kultura modernoa”

Iragan urriaren 6an, Arantzazun, Euskaltzaindiaren 17. biltzarrean, Euskara Batuaren Adierazpena irakurri zuen Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942) idazle, kazetari, soziologo eta euskaltzain osoak. 1968ko Arantzazuko biltzarrean ere izan zen, Jakin aldizkariaren zuzendaria zela. Ordutik egunera arte, euskara batuaren sorrera eta garapena bertatik bertara jarraitu eta bizi izan ditu.

“Istilu dezenteko bilkura izan zen 68koa” dio Torrealdaik. Arantzazuko biltzarra ez ezik, aurreko eta ondorengo urteak ere ika-mikaz beteta egon ziren. Izan ere, euskara batzeko prozesua gatazkatsua izan zen. “Ez zen gatazka gramatikala bakarrik. Azpi-azpian, bazegoen gerra ideologikoa, belaunaldien artekoa, baita euskararen ikuspegiari dagokionez ere”. Testuingurua aintzat hartu behar da, talka baitzegoen “abertzaletasun tradizionalaren eta abertzaletasun moderno sortu berriaren artean”. Finean, “bi mundu erabat desberdinetan bizi ginen. Ordura arte gehienak tradizionalak ziren, bai Euskaltzaindian bai inguruan”.
Belaunaldi berriek, ordea, “hizkuntzari buruzko ikuspegi oso desberdina genuen: euskara hizkuntza modernoa izatea nahi genuen, noranahikoa, arlo guztietarako tresna. Zeren eta, lehenago, korronte nagusiak ez zuen hartzen kultura modernorako hizkuntzatzat. Orduko joera nagusiek diglosia finkatzen zuten: euskarak arlo batzuetarako balio zuen, baina beste asko erdarari utzi behar zitzaizkion: unibertsitatea, jakintza...”. Horrenbestez, “borroka nagusia horixe zen: euskara kultur tresna ote zen edo izan zitekeen; eta horretarako prestatu behar zen ala ez. Hau da, gaurkora ekarrita, diglosia bai ala diglosia ez: dena euskaraz izan daiteke, dena euskaraz esan eta egin behar dugu, ala gauza batzuk erdarari utzi behar dizkiogu, eta guk euskara beste gauza batzuetarako erabili?”.
Jakin aldizkariak eztabaida haietako asko jaso zituen. Era berean, batuaren aldeko jarrera argia hartu zuen, eta Arantzazuko biltzarraren aurreko urteetan batua osatze aldera eginiko urratsak ere egin zituen. Esaterako, 1959an, Euskaltzaindiak erabaki zuen erdal hitzak erabiltzea (baldin eta euskaraz tradizioa bazuten), eta Jakinek erabakia babestu eta indarrean jarri zuen. 1964an Baionako Biltzarrak hizkuntza batu eta arautua osatzeko onarturiko arauak ere bere egin zituen. “Gure ildoa hori izan da beti, baina horrek ondorioak izan ditu” dio Jakinek bere garaian harturiko erabakiaz, “euskaltzale eta abertzale oso tradizionalen jopuntuan jarri gintuen”. Irakurleen artean ere “sekulako haserrea eragin zuen. Gure irakurle gehienak sektore tradizionaletakoak ziren, eta askok harpidetza eten zuten. Lur jota gelditu ginen”. Hori bai, azkenean, “gure irakurleak, harpidedunak, gaztetu egin ziren, beste batzuk etorri ziren. Baina, hala ere, bakarrik gelditu ginen”. Izan ere, garai hartan, hedabide gutxik heldu zioten batuaren bideari.
Urte oso-oso biziak izan ziren, pentsamenduaren aldetik, eta urte haiek bizi izana da bizitzan tokatu zaidan opari handienetakoa, edo handiena, agian” dio Torrealdaik. “Bidegurutze oso-oso garrantzitsu bat bezala” ikusten du garai hura. “Alde guztietako bideek bat egin zuten: ideologia, politika, hizkuntzari buruzko teorizazioak... hantxe jokatzen ziren. Orain, argi ikusten dugu euskara batuak izan duen arrakasta, onarpena... Baina orduan ez zen agerikoa. Ikusita zein bide egin duen, horrek salbatu du euskal kultura modernoa, nire ustez”. Hala, batua sortu eta zabaldu izan ez balitz, zer-nolako egoeran izango ginatekeen “ez dut imajinatu ere egiten. Anabasa. Baina ez da posible. Beste ereduren bat edo joera nagusiren bat edukiko genuke. Ezin dut imajinatu erabateko anabasa”.
Nolanahi, kezkatzeko arrazoiak ere baditu Torrealdaik. Azkenaldian, ugaritu egin dira hizkuntza estandarraren baliagarritasuna zalantzan jartzen duten iritziak: artifiziala dela, plastikozkoa dela, adierazkortasunik ez duela... Horiei lotuta datoz txoko-hizkeren aldeko ahotsak. Horrek kezka “handia” eragiten dio Torrealdairi. “Ezjakintasuna hauspotzea da. Ezin dut ulertu, eta min handia ematen dit. Zeren horrek dio euskara zenbat eta neureagoa izan, zenbat eta estuagoa, hobeto dela. Hori dioenari euskarak balio dio transmisio maila horretan, lagunartekoan. Baina erregistro horretatik kanpo, bestelako alorretan (kultur erabilerarako, komunikazio erabilerarako...), erdara batua erabiltzen du. Beraz, euskara batua ez ikastea da erdarari eta jarrera diglosikoari sarrera ahalbidetzea, ate nagusitik, gainera: diglosian goxo”. Oso gaizki bizi du hori guztia: “Euskararen hedapenaren kontra daudenak, hizkuntza politikaren kontra daudenak... horixe esaten ari dira: artifiziala dela, laborategikoa...”.
Halakoak ikusita, Torrealdairen iritziz, “beharbada, pedagogia falta egon da, eta transmisioa ez da behar bezala egin. Hura guztia bizi izan ez duen jendearentzat gaiak ez dauka guretzat sinbolikoki duen garrantzi hori. Batuarena hartzen da elementu linguistiko soiltzat. Gainera, une honetan, eredua ez da hainbeste eztabaidatzen, baizik eta erabilera”.


etxebarria

“Fisika euskaraz irakasteko mailegua hartu behar bazen, hartu eta kito!”

Jose Ramon Etxebarria (Gernika-Lumo, 1948), beste gauza askoren artean, fisika euskaraz irakatsi zuen lehen irakaslea izan zen. Ofizialki, 1979-80 ikasturtetik aurrera, baina 1971n EHUn irakasle hasi zenetik eduki zituen bere apunteak euskaraz, nahiz eta batzuek esan fisika ezin zela euskaraz irakatsi.

Industria Ingeniaritza ikasten ari zela, Bilbon, Etxebarria bere kasa alfabetatu zen, “Anaitasuna aldizkaria eta euskaraz argitaratzen ziren liburu guztiak goitik behera irakurriz”. Imanol Berriatua frantziskotarra zen Anaitasuna aldizkariaren zuzentzailea, eta Etxebarriak “beti” egiten zion kasu: “Hitz arraro bat topatzen zuenean, asteriskoa jartzen zion, eta aldizkariaren azken aurreko orrialdean egoten zen azalpena, sinonimoa edo gaztelaniazko itzulpena. Horrela ikasi nuen, hitzok memorizatuz”.
Unibertsitatean, 1971n hasi zen irakasle, gaztelania hutsean, “baina ordurako ondo alfabetatuta nengoenez, apunteak euskaraz idazten nituen, nahiz eta eskolak gaztelaniaz eman. Ariketak diktatu egin behar izaten ziren, eta batzuetan ikasleak harritzen ziren hitz ‘arraroak’ erabiltzen nituelako, aldibereko itzulpenaren ondorioz. Orain batzuek kontatzen dutenez, behin ikasgelatik irten nintzen, ikasleek nire apunteak begiratu zituzten, eta euskaraz zeudela ikusi zuten. Nik euskaraz hitz egiten nuen ikasle euskaldun guztiekin ikasgelatik kanpo, baina orduan batzuek euskarazko apunteak ere eskatu zizkidaten. Hala, 1975etik aurrera, astean behin euskara hutsezko mintegi bat eskaintzen hasi nintzaien nahi zutenei. Beste irakasle batzuk ere sartu ziren saltsan eta, hala, Zientzia Fakultateko lehenengo mailako bost irakasgai euskaraz ematea planteatu genion errektoreari 1979-80 ikasturtean. Horrela hasi ginen eskolak ofizialki euskaraz ematen: kimika, Itziar Urretxak; matematika, Mari Jose Zaratek; biologia, Jesus Mari Txurrukak; geologia, Isabel Arriortuak; eta fisika, neuk”. Hasieran ikasle gutxi izan ziren, baina matrikulazio kanpaina berezia egin zuten: “Idazkaritza parean matrikula egiteko sortzen ziren ikasle ilaren ondoan mahaitxoa jartzen genuen, ikasgai horiek euskaraz ere eskaintzen zirela azaltzeko eta ikasleak animatzeko. Banan-banan egin genien propaganda, geu joan ginen haiengana”.
Etxebarriak dioenez, erraza da fisika euskaraz irakastea: “Hizkuntza guztietan antzeko terminoak erabiltzen dira, asko eta asko latinetik edo grekotik eratorriak, ez dago zertan itzuli. Hortaz, euskarazko lexiko zaharra orduko premietara egokitu genuen, eratorpena erabili genuen kontzeptu piloa sortzeko, eta greziar eta latindar jatorriko nazioarteko lexikoa baliatu genuen, baina euskararen fonetikara eta ortografiara egokituta”. Purista batzuk, halere, aurka agertu ziren, “baina ez genien jaramonik egin. Nik fisika euskaraz irakatsi nahi nuen, eta mailegua hartu behar bazen, hartu eta kito! Orduan adostutako forma gehien-gehienak berdin daude orain. Ez genuen hain txarto egingo...”.
Puristak aipatuta, Gerra Zibilaren aurretik Pisia eta Kimia liburuak argitaratu zituen Gabriel Jauregi karmeldar aramaioarrak. Etxebarriak “goitik behera” aztertu zuen Pisia, “baina harekin ez gindoazen inora. Batetik, maila eskasa zuen unibertsitaterako; bestetik, nahiz eta euskal egitura onekoa izan, eredu linguistikoa guztiz desegokia zen. Perlatxoa zen, bere garaiko kulturaren fruitua, baina desegokia. Guk beste eredu bat hartu genuen”.
Ia mende erdiko ibilbideari erreparatuta, Etxebarria “oso pozik” dago: “Azpiegitura aldetik hutsune batzuk sumatu genituen, eta bizitza osoa eman dugu hutsuneok betetzen. Gaur egun, teknikoki euskara prest dago bizitza erabat normalizatua edukitzeko. Unibertsitateko testugintza normal-normal egin daiteke, baita doktoretza tesiak ere... Hobe daitekeen arren, eta horixe nahi dut, azpiegitura finkatuta dago. Hemendik aurrera, erabileran dago gakoa”. Horrek kezkatzen du orain: “Euskararen balioaz jabetu behar dugu, ondare immateriala da. Gizateriaren lau iraultza handienak dira ahozko hizkuntzaren asmakizuna (horrek bihurtu zuen animalia gizaki), hizkuntza idatziaren asmakizuna (horrek sortu zituen zibilizazio guztiak), inprentaren asmakizuna (jakintza zabaldu zuen) eta Internet. Inportanteena da lehenengo asmakizunak irautea. Hizkuntza, bizirik badago, egokituko da, eta iraungo du; baina erabilerak egiten du gizartea, hizkuntza batek konpartitzen denean bakarrik duelako zentzua”.

irene

“Batua ikaragarri malgua da, jendeak uste baino askoz ere malguagoa”

Euskara estandarra eta hedabideak ezinbestekoak dira bata bestearentzat. Ongi ezagutzen du harreman hori Irene Arraratsek (Hernani, 1967): euskaltzaina, 2003tik Berriako euskara arduradun, Egunkarian ardura bera izan zuen 1999tik. Egunkariaren azken estilo liburuaren egileetakoa, Berriarenaren zuzendaria ere bada.

“Estandarra badugu, baina ez dago bukatua” dio Arraratsek. “Gauza asko dagoeneko finkatuak eta zehaztuak daude. Hala eta guztiz, gure egoera, corpusari dagokionez ere, ezin da parekatu auzo hizkuntzen egoerarekin”.
Nolanahi, euskara batuaren azpiegitura edo aldamioa egina dagoela uste du, hots, filologoen lana, neurri handi batean. Dena dela, “hizkuntzaren giharra ez da hori, erabilera baizik; euskaldunok euskaldun oso izateko aukera ez dugun bitartean, oso zati handia faltako zaigu. Gaur egun, etxean, ezin duzu film bat euskaraz ikusi, edo telesail bat...  Gauza asko ez dauzkagu, baina erdaraz nahi duzun guztia egin dezakezu. Egun, behartuta gaude erdarara jotzera”.
Egoera horrek ahalegina eskatzen dio euskaldunari, euskaraz biziko bada. “Injustua da, baina ezinbestekoa, gure egoera soziolinguistiko, politiko eta soziala dela eta”.  Arraratsek behin baino gehiagotan aipatu izan duenez, “ez daukagu erresonantzia kaxarik”, eta, ondorioz, euskaraz sortzen dena “ez da iristen modu automatikoan jendearengana, gaztelaniazkoak iristen diren bezala. Euskal kulturaz jantzi nahi duenak euskaldun aktiboa izan behar du. Modu pasiboan ez dago euskalduna izaterik”.
Ahalegin hori eskatu behar zaio jendeari, “oso” bidegabea izan arren. “Bestela, ez dugu aurrera egingo. Noski, hemen bakoitzak bere neurriko erantzukizuna dauka, eta erakundeena da handiena. Haiek jarri behar dituzte baliabideak erresonantzia kaxa hori ahalik eta handiena izan dadin; hala izan ezean, jai daukagu”.
Normalizatu gabeko hizkuntza batean aritzeak gehiago eskatzen du, “ezinbestean”. Kazetariek ere nozitzen dute. Askotan, lan bikoitza egin behar izaten dute, elkarrizketatua erdalduna delako, informazio iturri asko erdaraz daudelako... “Kazetari lanaz gain, itzultzaile lana ere egiten dute maiz”.
Berrian, “egunero, noiznahi” izaten dituzte hizkuntzari loturiko buruhausteak. “Hitz jokoak eta halakoak itzuli behar direnean, arazoak izaten dira, baina horiek tarteka gertatzen dira”. Okerrenak “devolución en caliente” modukoak omen dira. “Beharbada, egunero idatzi behar duzu, eta ez dakizu nola” (“mugan bertan kanporatua” erabiltzen dute). Dena dela, “euskara samurragoa, komunikatiboagoa, egiteko orduan, arazo handiena ez da hori, baizik eta sintaxiarekin loturiko aurreiritzi batzuk: atzerakarga, esaterako. Horiek betiko baztertu arte, ez dugu behar bezain tresna malgua izango esku artean...”.
Horrekin ez du esan nahi batua zurruna denik. “Batua ikaragarri malgua da, jendeak uste baino askoz ere malguagoa”. Hortaz, batua plastikozkoa eta laborategikoa delako aurreiritziak “zentzugabeak” iruditzen zaizkio. “Askotan, norberaren ezinak ezkutatzeko modua izaten da. Hau da, zorria besteren buruan ikusi nahia. Batua berez ez da artifiziala edo plastikozkoa; arazoa da, sarritan, geuk egiten dugun mintzaera bizi-indar gabea”.
Batuaren inguruan azkenaldian sorturiko polemikak direla eta, “benetan harritzen nau orain euskal jendeari artifiziala eta plastikozkoa dela aditzea”. Antzeko harridura agertu du batua eta euskalkiak aurrez aurre jarri dituzten ika-miken inguruan. “Nik uste nuen bagenekiela zertarako den batua, zertarako euskalkiak, denak etengabe nahasten ari direla, eta hori ona dela, gainera; batuak etengabe edaten du euskalkietatik, eta euskalkiek, egun, batutik ere edaten dute asko. Ez nuen pentsatzen inongo euskalduni gaizki irudituko zitzaionik”. Halere, “kritikek balio izan dute ikusteko ezinegona egon badagoela”.
Mende erdia bete du batuak, “oso bide oparoa egin da, oso ona. Seguruenik, orain dela 50 urte batua abiatu zutenek orain nola gauden ikusiko balute, poz-pozik jarriko lirateke. Hala eta guztiz ere, sekulako lana dugu egiteko oraindik; agian, orain arte egindakoa baino zailagoa... Finean, hori guztia jendarteratzea falta da”. Hori bai, orain arte egindakoak ahaztu gabe: “50 urte hauetan euskara baturik egon ez balitz, ez dut uste egun euskaraz hitz egingo genukeenik. Honezkero, euskara amona eta aitonarekin hitz egiteko zer bitxia litzateke, besterik ez. Hilzorian legoke. Gutxi daukagu, gutxi dela iruditzen zaigu, baina batuari asko zor diogu”.