Dantzatzen duen herriak iraultza ekarriko du

aneguriaAneguria
Musikaria

Percebe, dana ala ezebez (Baga-Biga) diskoa aurkeztu berri du Ane San Miguel Crespo Aneguria (Bilbo, 1984) rap kantari eta MCak. Banden Lehia irabazi zuen, Azkue Fundazioak antolatua, eta horri esker atera du rapa eta beste zenbait doinu (reggaea, popa...) nahasten dituen diskoa. Gure Ane eta angurria hitzekin jokatuz osatu zuen ezizena. “Batzuetan irakaslea, bestetan kultur eragilea, telebistan kolaboratzailea... saltsazale hutsa naiz”. Eskina Femenina sortu zuen 2013an La Basurekin, rapa egiten duten emakumeak sustatzeko.

Dena ala ezer ez. Erdibiderik ez duzu?
Norekin eta zertan nabilen, batzuetan bai eta beste batzuetan ez.
Larrugorritan, lanperna artean ageri zara diskoaren azalean. Halere, gehiago biluzten zara kantuen hitzen bidez.
Bai. Imajinatzen dut beti egiten dugula hori, edo neuk, behintzat, beti egiten dut. Bizipenetatik ateratzen ditut istorioak. Batzuek ez dute zertan benetakoak izan, baina testuinguru jakin batean kokatzen ditut beti hitzak. Nire bizipenetan oinarrituriko fikzioak kontatzen ditut.
Dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko?
Dantzatzen duen herriak iraultza ekarriko du. Ados nago, bai.
Rap kantariak serio agertu ohi dira, haserre antzean. Zu, aldiz, ia beti irribarretsu. Ezohiko rap kantaria al zara?
Esango nuke baietz. Azken finean, beti mundu horretatik kanpo. Ez zait batere gustatzen pertsona batzuek beste batzuei esatea “horrela ez da egiten”, “horrela egin behar da”, “hau ez da rapa”, “hau bai”, “hau ez da old school”... Ez dakit nola esan, ez ditut gogoko iritzi gehiegi ematen dituzten pertsonak, eta esango nuke rapean, beharbada, gehiegi doktrinatzen dela jendea. Gauza bat da protesta musika egitea, eta beste bat aldarte txarrean bizitzea. Neuk ere hitz egin dezaket kontu larri edo gauza serioei buruz, baina ez dago zertan suminduratik egin.
2 urtean 3 disko. A zer martxa!
Bai, izugarria. Bidean gera naiteke... Baina ez, oso pozik nago. Azken batean, apustu bat zen, neure materiala edukitzeko beharra. Zenbat eta kontzertu gehiago eman, orduan eta soinu hobea lortu dut, gero eta gauza gehiago egin ditut hobeto. Orain nago, ez obsesionatuta, baina oso jabetuta soinu ona edukitzeko beharraz. Soinu ona, kalitatezko esparruak, agertoki duinak...
Inprobisatu ere egiten duzu. Eroso?
Ez, ez naiz eroso ibiltzen. Baina norekin nagoen, animatu egiten naiz inprobisatzera edo ez. Ez nuke esango inprobisatzeko edo freestyler jarduteko gaitasun handia dudanik. Saiatzeak, baina, ongi edo txarto egin arren, balio du gizarteak falta dituen erreferentziak eskaintzeko. Nik uste badagoela ni baino jende hobea, baina jendaurrean aritzera ausartu behar dute.
Eskina Femenina. Rap kantari asko al dabil kale kantoian?
Ez, oso gutxi gara oraindik ere, oso gutxi gaude. Kantarion mapa dotorea egitea lortu dugu, hori bai, eta, batez ere, sarea osatzea: Euskal Herriko emakumeok elkar ezagutu dugu, ezagutzen ez genituen beste batzuk ezagutzea lortu dugu... Ez dakit zenbat iraungo duen; izan ere, oso-oso interesgarria da, baina oso nekeza ere bai.


Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Janariak.
Eta tristatu? Pertsonekin gaizki-ulertuak izateak.
Zerk eragiten dizu barrea? Ez dakit!
Eta negarra? Intentsitateak.
Zerk haserrearazten zaitu? Jende lotsagabeak, aurpegi handikoak; horiek eta iritzia ematen dutenak musu-truk, batez ere boikota egiteko, eta ez irtenbideak emateko.
Bizio bat: Hortzak garbitzea.
Zer izan nahi zenuen txikitan: Asmatzailea.
Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Haserre bizi den pertsona.
Musikari edo talde bat: Rudimental taldea, bai ikusteko bai agertokian elkarrekin jotzeko.

Eñaut Mitxelena