Kapildui mendiko radarrak hirurehun kilometroko eremuan antzeman ditzake ekaitzak; are gehiago, prezipitazioa euria, txingorra edo elurra den zehazteko gai da, ehun kilometroko inguruan egonez gero. Jon Rejado. Argazkia: Jon Rejado.

Arabako Lautadako ia bazter guztietatik ikus daiteke Kapilduiko radar meteorologikoa. Azpiegitura, ordea, ez dago lurrera begira; zerua behatzen du, Euskal Herrira gertura daitezkeen ekaitzak sumatzeko. Hamar minutuan behin egiten du hori. Orduero, sei aldiz arakatzen du atmosferaren bolumen osoa, balizko prezipitazioen bilakaera eta haien norabide aldaketak zehazteko. Lan hori egunean 24 orduz egiten du, urteko 365 egunetan, 2005. urteko urriaren 20an martxan jarri zutenetik ia atsedenik gabe.
Jose Antonio Aranda Euskalmet Agentziako Meteorologia arduradunak Kapilduiko radarraren garrantzi eta balio handia nabarmendu du. “Euri jasen ondorioz uholdeak gertatzen direnean, oso zaila izaten da unean bertan kalte batzuk saihestea, baina informazioak neurriak hartzeko aukera ematen du; Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzaren helburua heriotzarik ez gertatzea da”. Hori lortu ahal izateko, zenbat eta informazio gehiago izan, orduan eta hobeto hartuko dira erabaki egokiak, Arandaren esanetan.
Hain zuzen, administrazioek radarrak ematen dituen datuen arabera hartzen dituzte erabakiak. Hamaika adibide daudela azaldu du Arandak: elur ekaitza datorrela ikusiz gero, elurra kentzeko makinak ingurune zehatz batera bidaltzeko eska daiteke; kaleko ekitaldi jendetsu bat atzeratu egin daiteke, ekaitzak bertan joko duela jakinez gero, arriskuak saihesteko…
Prezipitazio mota zehaztu
Arandaren hitzetan, Kapilduiko radarraren informazioa oso baliagarria da, prezipitazioen indarra, kokapena eta norabidea ikusteaz gain, prezipitazio mota ere zehazten duelako. “Gerturatzen ari den ekaitzak euria, txingorra edo elurra dakarren jakinarazten digu”. Prezipitazio mota bakoitzak ezaugarri fisiko jakinak dituela gaineratu du. Adibidez, euri tantak erori ahala deformatu, eta “dilista” forma hartzen dute; kazkabarrak, aldiz, forma biribilagoa du erori bitartean.
Kapilduiko azpiegiturak ezaugarri fisiko horiek bereizteko gaitasuna du, eta ekaitz bakoitzak zer botako duen zehatz dezake. Radarrak polarizazio duala duela azaldu digu Arandak. Hau da, bi seinale bidaltzen ditu: bata horizontala, “lurretik mugitzen den suge baten modukoa”; bestea bertikala, “itsasoko olatuak bezalakoa”. Seinaleok zerbaiten kontra jotzen dutenean, oihartzuna bidaltzen dute bueltan. Radarrak oihartzun hori jaso, interpretatu, eta bi oihartzunak gurutzatuz ezagut ditzake ekaitzak botatzen duen horren ezaugarri fisikoak, euria, txingorra ala elurra den, alegia.
Are gehiago, radarrak atmosferaren bolumen osoa aztertzen duenez, elur maila non dagoen jakiteko aukera ematen omen du. Zerotik beherako tenperatura duten geruzetan, prezipitazioa elurra da, baina epelagoetan sartzean elur malutaren kanpoaldea urtzen hasten da, eta orduan izotza eta tanta txikiak agertzen dira.
Sare zabalago baten barruan
Informazio hori “aberatsa” eta “oso baliagarria” izan arren, Kapilduiko azpiegiturak badu muga bat: itsas mailatik gora 800 metrora gertatzen dena beha dezake, baina hortik beherakoa ez. “Mendien atzean dagoena ezin dugu ondo ikusi” dio Arandak. Hala eta guztiz ere, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzak baditu beste modu batzuk Kapilduiko radarra heltzen ez den lekuetan informazioa biltzeko.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, sare ozeano-hidro-meteorologiko bat dago, zeinaren barruan 120 estazio meteorologiko, zazpi itsas plataforma, ibaietako uren kalitatea neurtzeko estazioak… dauden. Horiei esker, errealitatearen irudi osoagoa lor daiteke, haien guztien datuak alderatuz, Kapilduiko radarraren maparen eta botatako euria neurtzen duten plubiometroen bidez, esaterako. Askotariko begirada horiek iragarpen meteorologikoak egiteko ere baliatzen dituztela gaineratu du Arandak.

60 METROKO ERAIKINA, TONTORREAN
Gasteizko katedral zaharraren dorreak 56 metroko altuera du. Iruñeko Basoko dorreak 65 metro. Bilboko Boluetako hirugarren dorreak 60 metro. Donostian, Atotxakoak 70. Bada, Kapilduiko radarra horiekin guztiekin lehia daiteke, 60 metro baititu lurretik goiko puntaraino. Halere, aipatu horiei guztiei dagokienez, badu alde esanguratsua: ez dago hiriburu bateko kale batean eraikia, Kapildui mendiaren tontorrean baizik, 1.162 metrora.
Radarrak igogailua du bere barruko eremuetara heltzeko: telekomunikazioak, ordenagailuak, antenaren kupula... 2004. eta 2005. urteen arteko neguan eraiki zuten, aspaldian gogoratzen ziren elurterik handienen artean, Arandak dioenez. Dorrearen piezak muntatuta eraman zituzten bide estu eta aldapatsu batean gora; zortzi eta hamar metro bitarteko luzera zuten, eta lau metroko diametroa.