Bitxikeria

disgustingMunduko janaririk nazkagarrienek badute museoa

Urriaren 31n zabaldu zuten, Malmon (Suedia), Disgusting Food Museum, munduko jakirik nardagarrienen museoa, alegia. Izenak dioen moduan, higuingarritzat hartzen diren jakiak biltzen ditu. Hori bai, potetan ongi gordeta, kiratsik zabal ez dezaten: Islandian jaten duten marrazo ustela, harrak dituen Sardiniako gazta, Suedian jangai duten sardinzar hartzitua... Samuel West psikologoak zabaldu du museoa, jendearengandik jasotako eskariei men eginda. Lehendik ere badu Westek beste museo bitxi bat: Porrotaren Museoa, Helsingborg (Suedia) hirian iazko ekainean irekia. Jakien antzera, iraungitze data izango du museo ireki berriak. Hiru hilez soilik egongo da zabalik, 2019ko urtarrilaren amaierara arte. Izan ere, azkar hondatzen direnez, ia janari gehienak bi egunetik behin aldatzen dituzte, eta horrek asko garestitzen du museoaren jarduna. Xelebrea bezain eztabaidagarria da museoa, batzuentzat nazkagarria dena besteentzat gutizia izan ohi delako. Nolanahi ere, ezin uka jolaserako tartea ematen duela: zuek zein janari ipiniko zenukete ikusgai museoan?