Ikerketa

Nazien okupazio garaian Euskal Herrian izan ziren haur juduen bila dabiltza

II. Mundu Gerran Ipar Euskal Herria okupatu zutenean, naziek juduak eta beste hainbat gizatalde jazarri zituzten, okupaturiko beste herrialdeetan bezalaxe. Iparraldeko hainbat euskal herritarren laguntzari esker, hainbat heldu eta haur juduk jazarpen hura saihestu zuten, ezkutatu egin baitzituzten. Apiriletik, haur judu haien arrastoa ikertzen ari dira Anne Oukhémanou historialaria eta Gérard Eder kazetari erretiratua, EKE Euskal Kultur Erakundeak jakinarazi duenez. Haien asmoa da haur horien eta salbatu zituzten guztien inbentario ahalik eta osoena egitea. Oraingoz, 60 bat topatu dituzte. Gehienak aterpe kolektiboetan kukutu zituzten; besteak beste, Arbonako osasun etxean, Mauleko San Frantzes kolegioan eta Jatsuko Andere Dena Maria umezurtz etxe ohian. Norbanakoek ere haur dezente aterpetu zuten, hala nola Baionan, Maulen, Ahatsan, Donamartirin edo Sarrikotapean. Halere, bilaketa ez da batere erraza, asko jada hilik daudelako, ezkutuko jarduna izanik dokumenturik ez dagoelako, edota salbatzaileetako asko anonimotasunean gelditu direlako. Hori dela eta, ikertzaileek laguntza eskatu dute, lanean aurrera egin ahal izateko. Horretarako, bi helbide ezagutarazi dituzte, gaiari buruzko edozein daturen berri eman dezan jendeak: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. eta E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. . Zuberoako Ikerzaleak eta Lapurdiko Jakintza elkarteek ere ikertu izan dute gaia, baina ez Ipar Euskal Herri osoan.