Thailandia

hordartzaMaya Bay hondartza behin betiko itxi dute

Thailandiako hondartzarik famatuena da Maya Bay. Ko Phi Phi uhartean dago, eta egundoko turista saldoa erakartzen du. Bai zinez ederra delako bai The Beach filmean (Danny Boyle, 2000) agertzeak oso ezagun egin zuelako. Alabaina, turista gehiegi hartzeak kalte larriak eragin dizkio hondartzari eta bertako koralezko arrezifeari. Hori dela eta, Thailandiako agintariek hondartza behin-behinean itxi zuten, iragan udan, ekainaren 1etik irailaren 30era. Halere, ingurua ez da leheneratu. Ondorioz, eta ingurua erabat leheneratu arte, behin betiko ixtea erabaki dute. Urriaren 1ean jarri zuten indarrean debekua. Thailandian turista gehien erakartzen dituen lekuetako bat da Maya Bay, eta erabakiak kritika asko eragin ditu, turismoaren sektorean dihardutenen aldetik, batez ere. Alta, ez da halako neurriak ezarri zaizkion herrialdeko leku bakarra. Uharte bereko Loh Samah hareatzan ere debeku bera ezarri dute, eta Yung izeneko uhartetxoak bi urte daramatza turistentzat itxita, arrazoi beragatik.