Bizi eta prest!

euskaraldia

Aho eta belarri, hizkuntza ohiturak astintzen buru-belarri. Halaxe ariko dira milaka euskaldun, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa sozialean. Euskaldunon hizkuntza ohiturak eraldatzea eta euskararen erabilera areagotzea helburu, elkarlanean ari eta ariko dira norbanakoak, euskalgintza, erakundeak eta beste hainbat eragile. Ahobizi edo belarriprest dioen txapa paparrean, euskaraz lehen hitzetik ahoan eta belarrian. Egun gutxi falta dira Euskaraldia hasteko, eta dagoeneko ia 60.000 lagunek eman dute izena (urriaren 24ko datua da); oraindik ere badago ematea.  Halere, datuak baino, ekimenak sortuko dituen aldaketak izango dira garrantzitsuak. Hau da, balio dezala Euskaraldiak inertziak eteteko eta ohiturak aldatzeko; bilaka daitezela 11 egun horiek hamaika egun. Ahoak prest eta belarriak bizi? Belarriak prest eta ahoak bizi? Geuk, bai. Ekin Euskaraldiari, egin Euskaraldia!