Eguraldiaz

olasagarreJuanjo Olasagarre

Udazken ederra daramagu, uda penagarriaren ondoren. Pozik gabiltza, beraz, mahuka motzean eta gogoa alai. The Guardian egunkariak zioen duela ez gehiegi britainiarrek eguraldia gai nagusi hartzen zutela ezezagunekin topo egin eta elkarri lehen aldiz hitz egin behar ziotenean, Oscar Wilde jenioak esandakoa alde batera utzita: “Eguraldiari buruzko elkarrizketa irudimenik ez dutenen azken babestokia da”.
Igogailuan, dentistaren kontsultan, medikuarenean, dendako ilaran... eguraldiak asko laguntzen du, nire ustez, aurrean nor duzun igartzen. “Eguraldi kaskarra dugu” esan, eta ondoan duzun ezezagunak baiezkoa bota eta animoso erantzuten badizu, badakizu handik aurrerakoak errazak izango direla, adiskide bat aurkitu duzula, beharbada, edo zerbezetarako laguna, edo bizitza osorako amorantea; ezezkoa erantzuten badio, ordea, litekeena da horiek guztiak -barrena husteko adiskidea, zerbezak edateko lagun aparta, betiko amorantea- aurkitu izana, baina bizitzaren ikuspegiari buruzko eztabaida dezente izango duzu bihotz kontuetan, zerbezak hartzen eta amodio aferetan. Izan ere, orain arte, eguraldia irudimenik gabekoen elkarrizketa izateaz gain, gai neutrotzat jo izan dugu, hots, hitzen bidez ezer ez esateko modua.
Alabaina, gauzak nola dauden ikusita, eguraldia ere gai politikoa bihurtu zaigu, gizartearekiko ikuspuntuei buruzko borroka gune. “Eguraldi ederra dugu!”, “Bai, ederra!” edo “Ez, beroa ez dut gustuko” moduko erantzun normalei hauxe gehitu beharko genieke: “Ederra?! Ez da normala eguraldi hau urte sasoi honetan; hotzak egon beharko genuke, zuhaitzek ere erotuta dirudite, ez aipatzearren Atlantikoan etengabe sortzen ari diren urakanak”. 
Halako erantzunek, jakina, harri eginik uzten zaituzte dendako tomateei edo dentistareneko aldizkari ergelari begira. Eguraldia jada ez da, Wildek esan bezala, irudimenik gabekoen azken babestokia, baizik eta irudimen bizia dutenen ezpata. Bueno, hori duela urte batzuk, orain errealitatearen lekukoen koadernoa baita. Eta oharrek zera diote: Matxura Klimatikoa.