Ahize-AEK hizkuntza aholkularitza zerbitzuak ‘Igo Bolumena! Euskara. Kultura. Transmisioa. Ertzetatik’ jardunaldiak antolatu ditu. Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean izango dira abenduaren 2an, eta azaroaren 26ra arte egongo da zabalik izena emateko epea, www.ahize.eus/igobolumena atarian, doan. Arlo ugaritako profesionalek eta adituek hartuko dute parte, eta gazteek ere izango dute beren ahotsa entzunarazteko aukera. Izan ere, Bilbo Handiko eta gainerako hiriguneetako gazteek euskarekin eta euskarazko kulturarekin duten harremana landuko da bertan.
Jardunaldien abiapuntuan Ahize-AEK zerbitzuko Naroa Jauregizuria teknikariaren ikerketa dago: 2020 eta 2021 artean, hainbat esku-hartze egin dira Bilboko, Portugaleteko eta Getxoko ikastetxeetan, Bilbo Handiko gazteek euskararen eta euskarazko kulturaren gainean dituzten iritziak eta jarrerak ezagutzeko. Ikerketa horretatik ateratako ondorioekin, #Damolat unitate didaktikoa osatu du Ahize-AEK-k Ikastolen Elkartearekin elkarlanean, eta material hori doan emango zaie euskararen zein euskarazko kulturaren hedapenean diharduten eragileei. Euskarazko kulturaren transmisiorako hainbat jarraibide eta ariketa dakartza, gazteek euskarazko erreferenteak bilatu eta euskara erabil dezaten. Izan ere, ingurune ez euskaldunetan bizi direnek euskaratik aparte bilatzen dituzte kultur erreferenteak, eta #Damolat egoera hori aldatzen saiatzeko ahalegina da.