Aurten, ohi baino lehenago egingo da Feministaldia Kultura Feministaren Jaialdia. Normalean abenduan izan ohi den arren, mugimendu feministarentzat erreferentziazkoa den hitzordua azaroaren 16tik 20ra egingo dute, Donostian. Plazandreok plataformak antolatua, XVI. edizioa du aurtengoa, eta Sismika goiburua. Beti bezala, mota ezberdinetako ekitaldiak eskainiko dituzte jaialdiak iraun bitartean: hitzaldiak, kultur ekitaldiak... Ekitaldi zehatzak ezin izan ditugu jaso, lerrok idazterakoan oraindik ez baitzen jakina antolatzaileek aurtengo ediziorako prestaturiko egitaraua. Nolanahi ere, aldizkari hau esku artean duzuenerako baliteke egitaraua publikoa izatea. Horrenbestez, jaialdiaren nondik norako guztien berri jasotzeko, Feministaldiaren webgunera jotzea duzue onena: feministaldia.org.