Ez ahal dugu ikusiko!

greenpeace

Hasi dira Donostiako Zurriola hondartzan pasa den neguko denboraleek eragindako kalteak konpontzen. Ika-mika ere sortu da, batez ere surflarien artean, hondartza itxita egongo delako lanek irauten duten bitartean. Dena dela, euskal kostalde osoa udari begira dago, gehienbat denboraldia hasterako hondartzak eta pasealekuak prest egon daitezen aisi gosez hurbilduko direnentzat.
Haatik, ez ote da guztia alferrik izango, hurbilen daukagun itsasertzari eta gertuen dugun garaiari baino begiratzen ez badiegu? Izan ere, IPCC (Intergovernmental Panel on Climate Change) delako nazioarteko erakundeak kaleratu berri dituen datuen arabera, Artikoko izotz geruza uste baino askoz ere azkarrago urtzen ari da. Aurreikuspen horiei jarraiki, Greenpeacek orain fikzio baina etorkizunean errealitate izan litezkeen irudiak argitaratu ditu. Akabo euskal kostaldea, surflarientzat zein pasealeku erabiltzaileentzat.