4 Ellen Willis

paiaXabi Paia

Onartu beharra daukat zeregin gozagarria topatu dudala aurtengo Hiru letratxu atala betetzeko neure buruari jarri nion baldintza. Urtarriletik kultur sorkuntza hobetzeko eta ebaluatzeko testak eta neurriak plazaratzen ari naiz aldizkariko txoko honetan, eta udaberri beteko ale hau ere ildo beretik doa. Urte sasoi honetan, maitasuna polena adina zabaltzen da eta gazte zein ez hain gazte askori maitasun kantuak entzuteko gogo jasanezina azaltzen zaio. Balada erromantiko eta azukretsu horiek, ordea, harreman heterosexual mota jakin batzuk normalizatzeko joerarekin sortuak izaten dira. Hala iruditu zitzaion Ellen Willis Amerikako Estatu Batuetako pop musika kritikariari bere izena famatuko zuen testa sortu zuen garaian. Ellen Willis testak honakoa dio: “Kantu bateko pertsonaiei generoa aldatuta ez baldin badio jatorrizkoaren esan-indarrari eusten, kantu hori desorekatuta dago”.
Ingelesezko kantuei buruzko informazioa nahi duenak aise aurkituko du nahi adina kritika eta erretolika sarean; baina euskal maitasun kantuen inguruan halakorik ez denez, gogoa berehala murgildu zait oroimenean, adibide jostagarrien bila. Ez dut uste Ellen Willisen “maitasun” kontzeptuarekin bat datorrenik, baina Fermin Muguruzaren Sexu makina bururatu zait lehenbizi: “gizona gizakia da… emakumeak baino argiagoak dira”. Tira, emakume guztienganako maitasun adierazpen desorekatua, ezbairik gabe. Memoriak azaleratu didan bigarren alea Mikel Urdangarinen Oihana kantua izan da: “Andoni, pisukide laztana, gaur ere plantxatu dizkidazu arropak… zurekin ez dut faltan botatzen aita”. Andoni zein Oihana, esker txarreko langintza da plantxarena. Zerbait erromantikoagoaren bil a abiatuta, Sorotan Beleren Marinelaren zai oroitu dut, txirula-soinu eta guzti: “Arotzak (emakumeak) zuen seme bat… zer duk, zer duk, ene semea… marinela (emakumea) maite dut, ama…”. Ufa! Lau teilatu kantuan “hemen gaude ta poztutzen naiz, ta ziur zure ama ere bai” abestu eta amaren poza aitarena ote den pentsatu dut. Eskerrak Laztana eta Aitormena tatxarik gabeak diren.