1950etik 2020. urtera arte, Frantziako Eliza katolikoan adingabeen kontrako 330.000 sexu abusuko kasu izan dira, gutxienez. Eliza katolikoan izandako sexu abusuak ikertzeko Ciase batzorde independenteak jaso ditu datuak, bi urte eta erdiko lanaren ostean. Bildutako kasu gehienetan, elizgizonak izan dira abusuen egileak, 216.000 kasutan, hain zuzen ere. Gainerakoak Eliza katolikoko langile laikoek egin dituzte. Ipar Euskal Herriari dagokionez, aipatu epean gutxienez 25 adingabek jasan zituzten sexu abusuak. Batzordeak zabaldutako kopuruak, uste baino handiagoak, haserrea eragin du Frantzian. Herrialdeko Eliza katolikoaren zenbait ordezkari lotsatuta agertu dira, eta barkamena eskatu diete biktimei. Batzordearen buru Jean-Marc Sauve modu kritikoan mintzatu da Elizak orain arte izandako jarreraz, eta erantzukizuna aitortzeko eskatu dio. Era berean, biktimen aitortza eskatu du, eta dagokien ordain ekonomikoa eman diezaietela. Elizaren jarduna aldatzeko ere eskatu du; esaterako, abusuen kasuan, aitortzaren izaera isilpekoa muga dadila.